Konfinamendu garaian ikasten eta irakasten

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2020ko mai. 6a, 09:54

Koronabirusak ikaste-irakaste prozesua guztiz aldatzera eraman gaitu. Hasierako egun eta asteetan, konexio arazoak konpontzeaz gain, modu digitalean lan egiteko programa berrietara ohitu behar izan genuen (Classroom, Meet, Drive…), hala ikasleek nola irakasleek.

Lehen fase horren ostean, bi kezkek zuzendu dituzte irakasleen eta zuzendaritzaren erabakiak: ikasleak nola motibatu eta zer egin inor atzean gelditu ez dadin. Inoiz baino malgutasun handiagoarekin eta proposamen berriak egiteko ausardia eta sormena lagun ekin diogu ikasturte amaiera bitarteko epealdiari.

Proiektuak DBHn
DBHko maila guztietan ikasgai arteko proiektuak lantzen hasi gara. Proiektuen oinarrian ikasleek beraiek diseinatu eta kudeatuko dituzten Siteak (webguneak) daude. Siteak edukiz elikatzeko, 4-5 ikaslez osatutako talde kolaboratiboetan, irakasleek proposatutako gaien inguruko aurkezpenak, galdetegiak, idazlanak, bideoak... sortu beharko dituzte. Hartara, irakaslearen azalpenak jaso beharrean, lanak sortuaz barneratuko dituzte edukiak.

Talde kolaboratiboen beste abantaila bat da, ikasle guztien parte hartzea bermatzen dela. Izan ere, taldekide bakoitzak ardura bat du (idazkaria, informatikaria, material arduraduna, koordinatzailea) eta bakoitzak bere rola ongi betetzea ezinbestekoa da taldeak ongi funtziona dezan. Ikerketen arabera, gainera, zailtasunei elkarrekin aurre egiten ikasten dute, eta horrela, elkarren arteko konfiantza handitu egiten da.

DBH1 eta DBH2ko ikasleek oriotarrei zuzendutako Siteak sortuko dituzte, bide batez, Orioko curriculuma txertatuz. DBH3 eta DBH4ko ikasleek, berriz, atzerriko ikasleei zuzendutakoak. Azken horientzat Estatu Batuetako eta Eskoziako eskola banarekin jarri da harremanetan Ikastolako zuzendaritza. Hartara, nazioarteko harremanak sortzeko aukera eta mundura irekitako leiho bat izango dute.

Galdetegien bidez ikasten
Edukiak lantzeko eta barneratzen dituztela ziurtatzeko beste bide bat Kahoot eta Quizizz programen bidezko galdetegiak dira. Prozesua sinplea da: irakasleak ikasitako edukiei buruzko nahi beste galderak prestatzen ditu eta ikasleek, lehiaketa batean parte hartuko balute bezala, galderak erantzuten dituzte. Ikasleek oso gustuko dituzte, galdetegi horien oinarrian lehia eta jolasa baitaude.

Teknologia berrietan oinarrituta, eta hasieran esan bezala malgutasuna eta sormena lagun, neurri handi batean ikasturteari eusten ari garela esan daiteke. Hobetu beharrekoak asko izango dira oraindik, baina komunitatearen babesa eta, batez ere, irakasle eta ikasleek egoera berrira egokitzeko izandako gaitasuna kontuan izanda etorkizunari baikortasunez begiratzeko moduan gara.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!