Konfinamenduaren alderdi emozionalari arreta jartzen

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2020ko urr. 16a, 11:49

Ikasleek eta irakasleek konfinamendu egoera eta hurrengo hilabeteak nola bizi izan dituzten ezagutzeko ikerketa bat abiatu du SM fundazioak. Hainbat ikastetxetako ikasle eta irakasleek beteko duten galdetegi batean oinarrituta aterako dituzte ondorioak, eta Orioko Herri Ikastolak datu-bilketa horretan parte hartzeko konpromisoa hartu du. Alvaro Marchesi psikologia ebolutiboan katedraduna da ikerketaren gidaria.

 

Konfinamendu garaia berezia izan da bai ikasleentzat baita irakasleentzat ere. Etxetik atera ezina, zuzeneko kontakturik eza, lagunen hutsunea, koordinatzeko zailtasunak… ez dira gutxi izan bidean aurkitu diren zailtasunak. Baina nola eta zenbat eragin du konfinamenduak ikaste-irakaste prozesuan? Nola sentitu dira ikasleak? Eta irakasleak?

Konfinamenduak ikasle eta irakasleengan sortutako gorabehera emozionalak eta esperientzia berri horretatik bakoitzak ateratako ondorioak ezagutu nahi ditu Orioko Herri Ikastolak. Horregatik erabaki du SM fundazioak zuzendutako “Eskolara itzulera” ikerketan parte hartzea. Galdetegia LH4tik DBH4ra bitarteko ikasle eta irakasleek bete dute, era anonimoan eta doan. 

Datu-bilketa aste honetan burutu da, eta espero da, egun gutxi barru, zuzendaritzak Orioko Herri Ikastolako emaitzak jasotzea. Alde batetik, ikasleen erantzun guztien txostena jasoko du, ikasmailen arabera banatuta; eta bestetik, irakasleena, hezkuntza-etaparen arabera.

Orioko Herri Ikastola jakitun da ikaste-irakaste prozesuan funtsezkoa dela ikasleen eta irakasleen egoera sozio-emozionala kontuan izatea eta konfiantza giroa bermatzea. Horregatik, oso gertutik begiratuko dira ikerketak ematen dituen emaitzak.

 

 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!