Ibai inguruko istorio zaharrak DBHko eraikinaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2021ko eka. 11a, 10:05

Kresal usaina nabaritzen da Orioko Herri Ikastolako jolastokian aste honetan zehar. Ibai inguruko istorio zaharrak eta anekdotak entzun ditzakegu barre algara eta besarkaden artean.

"Eta hi, zer familiatakoa haiz ba? Halako edo bestekoa!" Birramon, aiton-amon edo famili artekoen loturak eta erroak nabarmen ari dira geratzen astean zehar. Izan ere, DBHko ikasleek ekaineko azken bi aste hauetan, proiektu berri bat jarri dute martxan. Helburu jakin batekin: herriko ondarea jaso, arrantzale bizimoduak herriko kulturan duen eraginaz jabetu, oriotarron izaeraren sustraiak nondik datozen ezagutu eta zabaltzea.

Orain hilabete batzuk DBHko zenbait irakasle PROI sakontze ikastaroan izan ziren. Bertan, edukiak eta konpetentziak proiektu bidez nola landu ikasi zuten eta berehala hasi ziren ikasturte amaiera honetako proiektuaren oinarri eta zutabeak finkatzen.. Gaur egungo ikasleen artean gabezia bat sumatu zuten, pixkanaka-pixkanaka oriotarron artean Orioko arrantzale izaera lausotzen ari zela, hain zuen ere. Hori dela eta, Oriok duen arrantza-izaera eta ondarea ikasleek baloratu eta hedatzeko proiektua lantzen hasi ziren. Prozesu intentsoa eta interesgarria izan zen, eta aste horretako motibazio haizearen bultzada aprobetxatuta, proiektua goitik-behera DBH osorako diseinatzea erabaki zuten.

Diseinuak eta material sorkuntzak izugarrizko lana eskatu die gure lankideei. Bi hilabetez, astero-astero ordu askotan elkartu eta DBH1, DBH2 eta DBH3 mailetarako bi asteko proiektua sortu dute. Irakasleak eta beraien esanak alde batera utzi, eta herritarrei eman nahi izan diete hitza, beraiek baitira herriaren esentzia.

Astelehenean bertan, ikasleak bildu eta egoera bat aurkeztu zitzaien: Orioko itsasontzi flota desagertzen ari da. Arrantzale eta saregileen presentzia ez dugu ikusten kaleetan. Orioko izaera arrantzalea oriotarrok oso harro kantatzen dugu Balearen Bertsoetan: “Gora oriotarrak esan beldur gabe”, baina…

Zer da oriotartasuna, oriotar izaeraren funtsa, herritarrok herritar egiten gaituena? Eta, zer egin dezakegu galzorian dagoen Orioko arrantzale izaera indartzeko?

Bi aste hauetan galdera horien erantzunak bilatzen saiatuko dira gure ikasleak. Bi zatitan banatu dute lana. Lehena, oriotartasuna, oriotarron izaera eta herritarren esentzia deskubritu eta biltzea. Hiru ikuspegitik eta protagonistekin zuzeneko elkarrizketak eginda landuko dituzte herriko nortasuna eta tradizioak: arrantza, emakumeak eta musika. Ondoren, herritarrengandik jasotakoa, berriz ere, herriari itzuliko diote bideo, postcast, biodeklip edo antzerki bidez. 

Bide honen lehen etapak ez-ohiko argazkia utzi du Orioko Ikastolako patioan. Hamarrak eta hogei inguruan, arrantzale erretiratuak, lehengo eta oraingo saregileak, eskabetxerian lan egindako emakumeak, herriko musikariak… bildu dira gure atarian. Lehen agurren ondoren, bakoitza patioan kokatutako aulki batean eseri eta ikasleek inguratuta galderak erantzuteko prestatu da. Aurrez, ordua baino gehiago pasa dute ikasleek galderak gogotsu prestatzen. Elkarrizketak egiaren unea dira: prestatutako galderei tiraka protagonisten bizipenak adi-adi entzun eta oriotar izaeraren funtsa biltzekoa. Lurreko eta itsasoko istorioen artean, ikasleek protagonistekin gertutasunez hitz egiteko aukera izan dute eta ahozko transmisioaren kate-maila bihurtu dira.

Kurtsoari amaiera emateko modu bikaina izaten ari da. Ikasleak ilusioz ikusi ditugu herritar protagonisten kontakizunak eta garai bateko Orioko kontuak entzuten. Mila esker Ikastolara hurbildu eta gazteekin egoteko denbora hartu duten arrantzale, saregile, arrain-kontserbako langile eta musikariei! Agian ikastolako familietako otorduetan berpiztuko ziren Orioko protagonista eta istorio zenbait.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!