Ikastolok Hezkuntza Legearen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia
Apirilean, alderdi politiko gehienek sinatutako akordioa oinarri, Ikastolen Elkarteak irakurketa kritikoa egiten du Legearen zirriborroaz. Izan ere, Lege proposamenak ez ditu jasotzen akordioan zeuden hainbat puntu. Irakurketa hori aurkeztera etorri ziren ostegun arratsaldean Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Nekane Artola lehendakari-ordea eta Jose Luis Sukia zuzendaria.

Ez da erraza izaten ari Hezkuntza Lege berriaren zirimolan ideiak argi eta argudioak sendo edukitzea. Hezkuntza Lege berri baten premia inor gutxik eztabaidatuko du, baina lege horrek euskararen eta euskal kulturaren transmisiorako izango dituen ondorioak aintzat hartuta oso da garrantzitsua edukiak zorrotz gainbegiratzea. Apirilean, alderdi politiko gehienek sinatutako akordioa oinarri, Ikastolen Elkarteak irakurketa kritikoa egiten du Legearen zirriborroaz. Izan ere, Lege proposamenak ez ditu jasotzen akordioan zeuden hainbat puntu. Irakurketa hori aurkeztera etorri ziren ostegun arratsaldean Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendaria, Nekane Artola lehendakari-ordea eta Jose Luis Sukia zuzendaria. 

EAEko Hezkuntza Legeen errepaso historiko bat egin ostean, duela urte bat Ikastolen Elkarteak aurkeztutako Bihar Ikastolak endekalogoa ekarri zuten gogora. Dokumentu horretan, Ikastolen Elkarteak hezkuntza sistema propiorako ikastolen oinarriak ezarri zituen: lurraldetasuna, euskara eta euskal kultura, euskal curriculuma, segregazioa, gobernantza... Ideia horietako zenbait ondo jasota geratu ziren alderdi politiko gehienek 2022ko apirilean sinatu zuten Lege Akordioan. 

Lege proposamenak ordea, euskarari eta euskal kulturaren transmisioari dagokionez hutsune oso nabarmenak ditu eta Ikastolon ustez euskarak marko juridiko sendoa behar du hizkuntza gutxitua delako. Laburbilduz, hauek dira Legearen gabezia nagusiak

- Legeak ez du jasotzen zein diren Euskal Hezkuntza zerbitzu publikoko ikastetxeek bete beharreko baldintzak

- Euskara eta euskal  kulturari dagokionez, lau puntu ezinbestekoak dira Ikastolon iritziz:

       - benetako murgiltze eredua bermatzea

       - euskara izatea ikastetxeetako hizkuntza beikularra

       - hizkuntza ereduak gainditzea (A, B eta D ereduak desagertzea)

       - ikasleen euskara-maila ziurtatzea

Legeak ez du zehazten nola gauzatuko den doakotasuna eta planifikazio egokia.

- Ez du aukera ematen izaera publiko ezberdin eta berriak bideratzeko eta sare publiko eta itunduaren dikotomia mantentzen du

- Laizismoa ez da bermatua geratuko

- Ez du Euskal Herriko ikuspegi osoa barne hartzen (aldiz, berriki onartutako Unibertsitateen legeak bai jasotzen du Euskal Herriaren izaera).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!