Orioko Ikastolako DBH4ko ikasleak datorren ikasturterako prestatzen

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2023ko mar. 23a, 16:17

Orioko Herri Ikastolako DBH4ko ikasleak datorren ikasturtea prestatzen ari dira. Hil honetan, Gela Hezkuntza Azokan izan dira; ondoren, Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoko arduradun eta ikasle-ohien bisita izan dute eta atzo goizean, Oteizan izan ziren gelak bisitatu eta eguneroko martxa ikusten. Izan ere, laster irekiko dira batxilergo eta lanbide heziketako aurre-matrikulazioak egiteko epeak.

Aldaketa handia izaten da gure ikasleentzat, baina ikasle-ohien esperientziak entzuteak beti lasaitzen die. Oteizako aurkezpenera ikasle-ohiak etorri ziren, beraien esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek eta era berean, beraien zalantzak argitu zituzten gertu-gertutik. Argi eta garbi adierazi zien Ugaitz Astigarraga ikasle-ohiak: “Prestatuta zaudete eta gai izango zarete etapa berri honi aurre egiteko. Arrakastarako sekretu bakarra dago: egunero lan egitea”.

DBH4ko ikasle batzuekin elkartu gara eta esperientzia hauei buruzko beraien hausnarketa eta iritziak eskatu dizkiegu.

  • “Oso ondo etorri zait Oteizara egindako bisita. Ikasgaien aukeraketa egiteko zalantzak nituen, baina bisita hau eta gero, erabakia hartzea errazagoa egingo zait”. (Brittney Coon).
  • “Zalantzak nituen, ez nekien zer aukeratu: erdi-mailako ikasketak edo batxilergoa. Erabakia hartu dut, Gizarte Zientzien Batxilegoa egiteko apustua egingo dut”. (Hodei Arostegi).
  • "Asko gustatu zait egindako bisita. Ikasgai berriak zein izango diren jakiteak eta tailera nolakoa den ikusteak pozik jarri nau. Beste mundu berri bat ireki zait”. (Aimar Librada).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!