GURASOAK GELAN: LH2KO IKASLEEKIN UNIBERTSOA ARAKATZEN

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2023ko aza. 17a, 11:06

Azken aste hauetan LH2ko ikasleak unibertsoa lantzen dabiltza, eta beraiek uste baino galdera gehiago dituzte erantzunik gabe. Galdera hauek erantzuteko, Gaizka Erkizia injeniari eta irakaslea, Norah-ren aita, ikastolan izan da eta erantzun zehatzak eman ditu, beti ere zientziaren ikuspegia kontuan izanda.

Eguzki sistemako planeten inguruan ezagutzen ditugun datuak lortzeko dauden baliabide zientifikoak izan ditu hizpide. Izan ere, proiektu hontako helburu garrantzitsuena azalpen zientifikoak eta asmatutako istorioak bereiztea izan da, sineskeriak edo iritzi propioak alde batera utzi eta datu zientifikotan oinarritutako azalpenak ematen ikastea. Esaterako, hizketaldiko momentu batean "alienigenak" aipatu dira, eta hauen eta bizitza estralurtarraren arteko desberdintasuna argitzen jardun dira. Honekin pentsamendu kritikoa aktibatu dute, nahitaezko ekintza jakinmina asetzeko eta analitiko-kritikoa izateko; gure ikastolako pertsona ereduan jasota dauden bi ezaugarri, erabakitzaile-ekintzaile bereizgarriaren barruan.

Bestetik, espazio bidaien inguruan hitz egin dute. Zenbateko distantziak dauden planeta batetik bestera, zenbat denbora beharko genukeen bidaia horiek egiteko, eta horretarako beharko luketen erregai kopurua... Zer pentsatua eman die kohete bat aireratzeko behar duen erregai guztiak gure atmosfera zenbateraino kutsatu dezaken. Eta baita ere koheteak euren bidaia egin ondoren, edo sateliteak euren lana bete ondoren nola bilakatzen diren zabor espazial. Kezkatzeko modukoa! Ingurumenaren arazoekin solidarioa izatea jasota dago ikastolako pertsona ereduan. "Eraldatzailea" bereizgarriaren barruan. 

Datozen hamarkadetan, Lh2ko ikasle hauek eta beste asko izango dira protagonista. Nolako erabakiak hartu eta ekintzak jarri martxan, halako eran aldatuko dute biziko duten gizartea. Ikastolako begirada hor dago jada. Gainontzeko gurasoak, gaurkoan Gaizkak egin duen bezala, zuen aletxoa jar dezakezue; etorri geletara, partekatu dakizuen guztia, eta prestatu gazteak etorkizunerako! 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!