Martxoak 8: gutaz harro

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2024ko mar. 8a, 12:24

Orioko Herri ikastolan oso harro gaude gure inguruan ditugun emakumeez* eta azken asteetan ikasleak beraientzat garrantzitsuak diren emakumeen inguruko lanketa egiten jardun dira geletan.

Emakume horiek zergatik diren garrantzitsuak hausnartu dute lehendabizi eta ondoren, haiei buruzko lan desberdinak egin dituzte. Marrazki edota deskribapen laburretatik hasi eta biografietan amaitzen diren formatu desberdinetako lanak gauzatu dituzte. B eraikineko pareta eta zuhaitzak kolore morez jantzi dira. Gure inguruko emakumeez jantzi dira. Aukera baduzue, bisita itzazue espazio hauek, merezi du eta!

Bestalde, jakin, DBHn ere gai honen inguruko lanketa egin dela eta  ikasle talde batek sortu dituela ikastola kanpoan jarrita dauden kartelak. Bejondeizuela!

HHn ere dotore jarri dituzte ikastolako eskilaretako paretak beraientzat garrantzitsuak diren emakumeen marrazkiekin. 

LHko txikienek berriz, etxera eramango dituzte beraien emakume garrantzitsuenen marrazki eta idatziak. Irrifar eta malkoren bat ere aterako da gaur emakume askoren aurpegietan. Zuek zaretelako gure txikien eredu. Zuetaz harro. Gutaz harro.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!