Usoarekin KORRIKA

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2024ko mar. 14a, 17:05

Ikastolako kide izan den edonork ezagutzen du ia oriotartuta dagoen Usoa Sorazu irakasle getariarra. Irakasle izateaz gain, ikastolak eta herriak antolatu dituen hamaika ekitalditan parte hartu izan du, eta aurtengoan KORRIKAko lekukoa eramango du. Usoak hika eta noka asko erabiltzen du, bai guraso, ikasle ohi eta lankideekin. Noka egin diogu elkarrizketa, ezin zuen bestela izan.

Lehenengo aldia al dun lekukoa eramaten dunala? Hala ez badun, zergatik dun desberdina aurtengoa?

Ez, gehiagotan eraman dinat, zazpi edo zortzi aldiz; izan ere, lehen oso emakume gutxi aritzen hitunan korrika kalean. Aurten, seguru asko erreterioa hartuko dinat, eta horregatik izango den berezia, 40 urteko lan jarduna amaitzea lekukoarekin eskuetan, bizitzan iltzatuta gelditzen diren une horietakoa izango den.

Usoa eta korrika egitea lotuta joan dira urte askotan, ikasle ohi askok eta askok lotzen du Usoa korrika egitearekin. KORRIKAko edizio askotan aterako hitzanan Euskal Herriko hainbat txokotan. Zenbat kilometro egin izan ditun gehienez KORRIKAko furgonetaren atzetik? Non izan hunan? Gogoratzen al dun bitxikeriaren bat?

Behin, kilometroa adierazten zuen kartela jartzen ari ginela Bikamiotan beste irakasle bat eta ni, Guardia Zibilak gu ikusi, kontrola jarri, eta atxikituta izan gintuztenan. Beste behin, korrika ibiltzen nindunan garaian, pentsatu ninan entrenamendu gisa Oriotik Donostiara joatea; 35 bat kilometro egin nitinan gauez, baina izugarrizko tendinitisarekin bukatu ninan, erritmo aldaketa handiak izaten baitira Korrikan. Beste behin, Getarian lekukoa eramatea suertatu zitzaikenan; Korrikako antolatzaileek ez zigutenan uzten herri barruan sartzen; kasurik egin gabe, ni herrian sartu, eta buelta bat eman geninan; furgonetakoek, izugarrizko errieta egin zidatenan; egun Korrika herri barnean sartzen den. 

Zer dun hiretzat KORRIKA?

KORRIKA aitzakia hartuta, ekimena hasi baino egun batzuk lehenago, ikasleekin edo lagunekin euskararen inguruan hausnartzen hasten naizenean, barruak irakiten hasten zaizkidan: epaileak hizkuntza gutxituen aurka; “inposatu” hitza nonahi; hizkuntzarekiko euskaldunon utzikeria; etorkinak gero eta gehiago geletan, eta agintari abertzaleak euskalduntzeari ganoraz heldu gabe; azken bi hilabeteetan ETBk 86 film gaztelaniaz eta 1 euskaraz… Penagarria!! Baina, Korrika hastearekin batera, bestelako emozioak gailentzen zaizkidan: alaitasunez betetako malkoak, euskalduna izatearen harrotasuna, oihu egitearen gozamena, herri txiki baten zirrara… Korrika, beraz, bi aurpegiko txanpona dun, niretzat.    

Hire ustez, horrelako ekintzak beharrezkoak al ditun Orion? 

Bai, noski, AEKri galdetu bestela. Euskalduntasuna norbanakoen eskuetan uzten jarraitzen badugu, batek zekin zenbatgarren ediziora iritsiko den Korrika.

Besterik gehitu nahi al dun? Hirea dun hitza.

Iparraldeko Azterketak Euskaraz kolektiboari aitortza egitea oso garrantzitsua iruditzen zaidan, 25 urte edo gehiago igaro ditun ikasle haiek planto egiten hasi zirenetik. Gaur den eguna, oraindik ere azterketak euskaraz ezin dituztela egin, eta azpimarragarria den gazteek hartu duten ardura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!