Frisiako lagunak berriz ere gurekin

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2024ko api. 24a, 10:30

Iaz, Herbehereetan kokatzen den Frisiako NHLStenden Leeuwarden Unibertsitateko Eabele Tjepkema, Betty Duurken-Bos eta Sieta De Vries irakasleen eta ikasle taldetxo baten bisita izan genuen ikastolan.

Esperientzia aberasgarria izan zenez denontzat, urtean zehar harremana mantendu eta estutzeaz gain, aurten ere bisita errepikatzeko aukera izan dugu.

Oraingo honetan, Betty eta Sietaren gidaritzapean, irakasle ikasketak burutzen ari diren 20 ikasle izan ditugu gure artean.

Fokua irakaskuntza eleanitzean izanik, hartu-eman ezberdinak egin ditugu goizean zehar. Lehenk eta behin, LH1eko ikasleekin proiektu berri baten hasiera nola egiten dugun behatu ahal izan dute, ipuin-antzeztuaren bitartez. Ondoren, LH6ko ikasleekin aritu dira elkarrekintzan, beraien herri eta hizkuntzaren (frisiera) inguruko aurpezken bat tarteko. Frisiako gozo tipiko bat jateko aukera ere izan dute. Azkenik, HH4 eta HH 5 urteko ikasleekin ere jolasean, kantuan eta dantzan aritzeko zortea ere izan dute, dena ingelesez noski.

Beste behin, bisita interesgarria eta aberasgarria izan da ikastolarentzat, bisitarientzat eta ikasleentzat. Ikastolak harreman estua du Unibertsitate ezberdinekin eta etorkizunean, Erasmus+ proiektuaren baitan izan ditzakegun elkartrukeak egiteko bideak ere irekitzeko balio dute horrelako bisitek. Ongi etorriak berriz ere gurera!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!