Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak elkarlanean itzulpen sistema bat garatu eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dugu.

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2024ko api. 25a, 11:55

Hemen Ikastolen Elkarteak, Elhuyarrek eta Orioko Herri Ikastolak elkarlanean argitaratutako prentsa oharra webguneko itzulpen automatikoaren inguruan.

Euskarazko webguneak hizkuntza ezberdinetan irakurtzeko aukera zabalik 

Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak elkarlanean Itzulpen sistema bat garatu eta Orioko Herri Ikastolaren  webgunean estreinatu dute  

----------------------- 

Webguneko edukiak hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko aukera eskaintzen  duen sistema bat garatu dute Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak elkarlanean, eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dute. Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa webgunean txertatuta lortu dute eduki guztia, euskaraz bezala, beste zortzi hizkuntzatan ere jaso ahal izatea.  

Izan ere, euskaraz idatziriko webgunea da Orioko Herri Ikastolarena, baina webgunearen goiko aldeko barra batean kokatuta dagoen Elia itzultzaile automatikoa  erabiliz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, galizieraz, errumanieraz, urduaz  eta arabieraz ere irakur daitezke webgunearen edukiak.  

Modu honetara, euskara ez dakiten ikastolako komunitateko gurasoek eskura  dute euren hizkuntzan ikastolak webgunearen bitartez eskaintzen duen informazio  guztia, eta elkarrekin errazago eta arinago komunikatu ahal izateko aukera eskaintzen  du. Gaurko gizartean inklusiorako behar beharrezko beste pauso garrantzitsu bat bezala  ikusi du urrats hau Orioko Herri Ikastolak, nork bere ama-hizkuntzan informazioa  jasotzeko aukera ematen baitu. 

Alor honetan aitzindaria izan da Orioko Herri Ikastola, lehenbiziko ikastola baita  webgunea beste zortzi hizkuntzatan ere eskaintzen duena. Beste ikastola batzuek ere  interesa agertu dute sistema hau euren webguneetan txertatzeko, eta Ikastolen  Elkarteko IKT taldea ikastolen eskariei erantzuteko bideak aztertzen ari da. Era berean,  ikastolen jaien webguneetan eta ikastola.eus atarian ere Elia itzultzaile automatikoa  txertatzeko asmoa dauka Ikastolen Elkarteak.

Elia itzultzaile automatikoa 

Adimen artifizialean oinarritutako eta punta-puntako teknologia erabiltzen duen  itzultzaile automatikoa da Elia (https://elia.eus). Euskara ardatz hartuta sortutako  itzulpen automatikoko sistema da, kalitatekoa eta segurua, eta proiektu hau gauzatzeko  tresna egokia izan da. 

Elia itzultzaileak, elia.eus webgunetik erabiltzeko aukera eskaintzeaz gain, beste  edozein aplikaziotan integratzeko erraztasunak eskaintzen ditu; horren adibide da  egitasmo hau, non webguneko edukia momentuan itzultzeko aukera eskaintzen duen  barra bat gehitu den. 

Orio Herri Ikastolako kultura-aniztasun Taldea 

Orioko Herri Ikastola anitza da eta kultura askoz inguratua dago, gainera.  Ikastolaren helburua, Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta,  euskal herritar izateko baliabideak eskaintzea da eta, aldi berean euren ekarpenak  aberastasun gisa ulertzea. Horretarako sortu zuten Kultura-aniztasun Taldea, eta tarteka  biltzen dira arlo honen inguruan ekarpenak egin eta elkar aberastu eta ikuspegi hori  komunitatera zabaltzeko.  

Kultura-aniztasun Taldean, besteak beste integrazioan eta inklusioan hobekuntzak  egiteko proposamenak egiten eta lantzen dira, kulturartekotasuna eraiki eta parte hartzea sustatuz, eta webgunea euskaraz eta beste zortzi hizkuntzatan aberastea  egiteko horren adibide bat da, komunikazioa guztia lortzeko gakoa baita.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!