Gure hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2023ko abe. 3a, 13:28
Haurra pantailari begira. (Pixabay)

Onintza Lete Arrieta kazetariak abenduko aldizkarian Korapiloa atalean euskaren etorkizunaren inguruan hausnarketa egin du. Orain irakurgai da sarean.

Ez dut gogoan euskararen egunaz ari al ginen, ala gure aiton-amonez. Kontua da lagunak esan zidala aitona eta amona abenduaren 3 batez, Euskararen Egunean, hil zitzaizkiola, biak urte desberdinetan, eta biak zirela euskaltzaleak. Orduan kontatu nion nire seme-alaben amama bat eta birramona bat, berriz, egun horretan jaioak zirela. Haiek ere euskaltzale amorratuak izan ziren, nor bere erara.

Izan zirelako omen gara, eta haiengatik eta gure familietako beste kideengatik, bikotea eta biok ere euskaltzaleak gara, euskara edan dugu txikitatik gure etxeetan. Orain, etxean jasotakoa ari gara seme-alabei ematen. Hazia ondo ereinda geneukalakoan ginen, eta beharbada, despreokupazio handiegitxoarekin, lasai ederrean geunden. Egun batean ohartu garen arte oraindik 8 urte bete ez dituzten gure txiki horiek majo ikasi dutela gaztelaniaz (bejondeiela!), baina gaztelania ikastearekin batera, nire haurtzaroan hain arrotza zen hizkuntza hori bere tokitxoa egiten ari dela beren bizitzetan eta beren burmuinetan.

Joan den astean, gai zabalago baten bueltan ari ginela, hizkuntzaren kezka hau beste guraso batzuekin partekatu nuen, eta iruditu zitzaidan batzuek edo gehienek ez zutela larritzeko arrazoirik ikusten, Orion bizi garenez ziurtatua baitago haurrak euskaldunak izango direla. Euskaldunak bai, baina euskaltzaleak?... 

Erotuta ote nago nire haurrak etorkizunean gaztelaniaz pentsatzen eta amesten imajinatzen ditudalako (nire amesgaizto handienetakoan)?

Izan zirelako gara, bai, baina aurreko belaunaldietan ez da gure ama hizkuntza ez den beste hizkuntza hori hain modu atseginean eta hainbeste tokitatik sartu gure etxeetara. Zer hizkuntzatan ari dira ba gure haurrak (eta gu geu) kontsumitzen egunero edukiak gure smart telebistetan, tabletetan, sakelakoetan?... Nahiz eta ondoren, batzuetan, guk, Gure hitzak abestia entzunarazi, eta azaldu euskarari buruz ari zela Mikel Laboa abeslaria Gure hitzak/esan berriz esan/ez daitezela ahaztu/ez daitezela gal abesten duenean.

Abenduaren 3an gure haurrek marrazki koloretsuak egingo dituzte eskoletan, eta abesti sakon bezain politak abestu. Eta helduok? Zer egingo dugu gizaldiz gizaldi izan garen horri eutsi diezaioten? Gure hitzak ez daitezen ahaztu, ez daitezen gal?...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!