Mila bederatziehun…

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mai. 5a, 12:44

Beti galdegin izan diot nire buruari ea benetako ala gezurretako oriotarra naizen. Printzipioz ez ditut oriotar izateak berekin dakartzan zenbait ezaugarri. Hasteko, ez da nire senitarteko zuzenik bizi Orion. Zuhaitz genealogikoan atzera egin eta Orion bizi den gure aita zenaren osaba-izeba eta lehengusuren bat aurki daiteke, ordea. Nire lau aitona-amonak Aian jaiotakoak dira. Lauak ere baserri giroan jaioak, haziak eta heziak. Arbasoak ikusita beraz, ezin esan itsasoko kultura handiegirik dudanik. Kostako herri batean bizi naiz, baina ez nuke kostaldekoa naizenik esango. Etxe ondoko Oria ibaian dauden korrokoiez gain, ez dakit beste arrainen bat bereizteko gauza izango nintzatekeen. 

Kontuak kontu, bada herriarekin lotzen nauen zerbait: 1901. urtean arrantzatutako balea, hain zuzen ere. Maiatzaren 14an, baina 1986. urtean etorri nintzen mundu honetara. 85 urte lehenago oriotarrek arrantzatu zuten azken balea. Txikitatik halako emozioa eta dardara sentitzen nuen Benito Lertxundik musikatutako Balearen bertsoak entzutean. Eta ezin ukatu gogo biziz abesten ez nituenik. Aldi berean, askotan entzun behar izan ditut balearekiko konparazioak eta bromak. Txiste erraza, badakizu. 

Duela jada 9 urte balearen harrapaketaren mendeurrena ospatu genuenean, azkenean heroi haiek omendu genituela pentsatu nuen. Orduz geroztik 5 urtetik behin festa errepikatzea erabaki zen. 2006an izan zen bigarren festa eta heldu den urtean izango da hirugarrena. Ez dakit honezkero Orioko Arraun Elkartean denbora askoa egon zen gezurrezko balea bizirik egongo den… Tira, bestela oriotarrok egingo dugu erreplikaren bat. Edo agian hobe, erabaki ea egiazko oriotarren artean onartzen nauzuen ala ez.  

Onintza Aiestaran

2010eko maiatzaren 5ean

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!