Iluntasuna eta okultismoa

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mai. 5a, 12:05

Iluntasuna eta okultismoa dira Gipuzkoa Aurrera lobby ekonomikoaren ezaugarriak. Batzar Nagusietatik aparte jokatzen du eta inor gutxik daki bertan zer egosten duten enpresariek gu guztion diruarekin. Markel Olanori galdetuta, ez du inolako azalpenik ematen diru publikoarekin egingo diren proiektuei buruz eta hori Ezker Batuarentzat onartezina da.

Otsailaren 9an, esate batera, Tribuna Euskadi foroan, Adegiko presidente Zubiaurre jaunak iragarri zuen Gipuzkoa Aurrerak 9 proiektu bultzatuko dituela enpresa gipuzkoarretan. Krisiaren aurkako Planaren barruko diru-laguntzen deialdia, ordea, ez zen argitaratu GAOn martxoaren 2ra arte. EBren Batzar Nagusietako taldeak informazio zehatza eskatu zion Aldundiari otsailaren 9an, Gipuzkoa Aurrerak bultzatu behar omen dituen proiektu horiei buruz: zein enpresek bideratuko dituzten, zein inbertsio publikorekin egingo diren, helburuak…
Aldundiak ez zion gure eskariari erantzun martxoaren 17a arte eta, erantzun-edo horretan, argitu gabe utzi zituen gure kezka guztiak. Harrigarria da: Adegik otsailaren 9an egiten du iragarpena, buletinean martxoaren 2an argitaratzen dira diru-laguntzen oinarriak eta Markel Olanok horri buruzko informazioa ukatzen die herritarren ordezkariei. Esandakoa: iluntasuna eta okultismoa nagusi.  

Are gehiago: martxoaren 10ean komunikabideek argitaratu zuten desadostasunak daudela Gipuzkoa Aurreraren proiektuei buruz, bai lobbyaren baitan eta bai gobernuko sozio baten aldetik ere. Zehatz esateko, Ogasun departamentuaren ustez, diru-laguntza deialdiak ez ditu betetzen konkurrentzia zuzenaren arauak eta talde publiko-pribatu batek aukeratutako enpresa kopuru txiki bati bakarrik ematen dio parte hartzeko aukera. Hamaikabatek iradokitzen du laguntzak dagoeneko erabakita daudela eta garbi geratu da desadostasunak daudela gobernuko kideen artean eta gauzak ez doazela ondo Gipuzkoa Aurreran. 

Bestalde, martxoaren 23an, prentsaren bidez, jakin dugu elkarte bat sortuko dela, azpiegitura zientifiko handietan parte hartzeko eta hor ere 9 enpresek parte hartuko dutela. Markel Olanok ez du argitu ea enpresa horiek zerikusirik baduten Gipuzkoa Aurrerarekin. Ez dugu ulertzen zertara datorren sekretismo hori.
Zer da saldu nahi diguten sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren kontu hau? Azken finean, hau da: diru publikoarekin finantzatuko direla ezagutzen ez ditugun proiektu pribatuak, enpresari gutxi batzuen onerako. 

Politikak ezin du egon lobby ekonomiko baten esanetara; administrazio publikoak herritarren gehiengoaren onerako erabakiak hartu behar ditu, eta ez gutxi batzuen probetxurakoak.

Iñaki Garcia Aranbarri, Ezker Batua-Berdeak-eko zinegotzia

2010eko maiatzaren 5ean

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!