Kirolaren elkarbizitza

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mai. 5a, 12:12

Izugarria da aurten herriko saskibaloiak egin duen lana. Nahiz eta gorenean dabiltzan herritarren emaitzak ez diren izan onenak, herrian bertan, Orioko Herri Ikastolak luzerako jokalariak dituela erakutsi du, baita Zaraguetak ere; eta bien ekarpenak kirol honi mesedea egin diezaioke aurrerantzean.

Garai zaila egokituko zaie askori orain, Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoek kirola aukeratu beharko baitute hurrengo urtera begira. Eta hori tamalgarria da gurea bezalako herri txiki batean, kirol bati ateak ixten dizkiogu-eta. Hiru talde txapeldun eskolartean, infantil nesken taldea Gipuzkoako onenekin lehian, Zaraguetan ere jokalari politak dituzte eta horiei ateak ixtea gogorra da. Beraz, ea ZASTek, ikastolak, Zaraguetak eta Futbol Taldeak irtenbidea ematen dieten egoera honi eta ordutegiak bateratzeko gai diren, haurrek kirol bat baino gehiago egiteko aukerarekin jarrai dezaten herritik mugitu gabe. Eta orain da mahaiaren bueltan esertzeko garaia. Kirol honekiko pasioa dut bai, baina ni ere haurra izan nintzen eta atea itxi zidaten…

Iker Gurrutxaga

2010eko maiatzaren 5ean

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!