Karkarako soziedadea

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko api. 21a, 13:14

Moila bazterrean jaioa naiz. Hor udaletxearen aurrean. Aurrean plaza eta atzean karkara. Txorizo eta haragi artean. Paxitaneko parrillako bisiguen ke artean. Elizpeko kantu zaharren altzoan lo hartu izan dut. Goxo-goxo maindire artean. Goxo-gogo haurtzaroan.

Denbora pasa da eta aurten sartu gara anaia eta biok soziedadean; San Juan Elizpe elkarte gastronomikoan. Anaia presidente eta ni presidenteorde. Gizondu gara biok. Erretiratu direnen segida gara eta ohitura zaharrei segida ematera gatoz. Nahiz eta txinoek soziedadea erosteko eskaintza egin, ez dugu saltzeko. Ze azken finean… herria ez al da horrelako erakunde eta bildulekuen metaketa? Irabazteko asmorik gabea, adin eta maila sozial ezberdinen elkargune, sukaldaritza eta bizi eskola eta emigranteak integratzeko leku. Bai. Integrazio eremu aproposa da.

Azken urteotan atzerritar ugari etorri da Oriora bizitzera. Beren herriak utzi eta hona, Kantauri itsasoko kostaldera. Bizitzeko leku ederra izanagatik, denek diote herri itxia dela gurea. Karrakelen moduan oskol gogorra barruko haragira heldu aurretik. Eta emigranteari kosta egiten zaiola herritartzea, oriotartzea. Laguntzen du arraunaren erreferentziak, laguntzen du hori koloreak, baina zenbaiti asko kostatzen zaio. Zeren ez baita erraza errumaniar, ekuadortar, andoaindar edo zarauztarra oriotartzen. Eta emigrante horiek laguntza behar dute eta hor funtzio garrantzitsua betetzen dute elkarteek. Pentsa ezazue, gurean zein ondo integratzen diren juntan bi getariar ditugula!

Kontuak kontu, urteak pasatzen dira eta denak oriotar bihurtzen dira. Eta hori ama zarauztarra zuen batek diozue, lanik handiena ematen dutenak bide horitik eramateko.

Jokin Salsamendi

–2010eko apirilaren 21ean–

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!