Egunerokoa

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko api. 7a, 13:24

Abiadura handian bizi den euskaldunaren egunerokoa:

–Astelehena: Arrapaladan atera beharra izan dut kalera gaur. Ezkaratzera jaisteko bost eskailera besterik falta ez eta… Ai ama! etxeko zapatilak jantziak ditinat! Burua nekatzen ez duenak hankak nekatu behar izaten ditu eta, atzera, etxera buelta egin behar izan dut.

–Asteartea: mila istorio buruan ditudala lanetik bueltan naiz trenean. Mantsotzen hasi da trena, aulkitik jaiki eta atera naiz kalera. Alde batera eta bestera tuntunpaela aurpegiarekin begiratu dut. Orio ez baina, aurrean dudana San Pelaio dela ohartu ez naiz bada! Tren txartel bat gehiago ordaindu, eta buelta berriz etxera.

–Asteazkena: Asteleheneko markak guztiz txikitu ditut gaurkoan. Etxetik ateratzean, zazpigarren eskaileran konturatu naiz hanka-hutsik noala beherantz. Zapata parearen bila igo behar izan dut berriz ere etxera.

–Osteguna: Autobus geltokira korrika-apustuan iritsi eta kartera huts-hutsari aurpegi zuriz begiratu behar izan diot. Susto aurpegiarekin leihoz bestalde begiratu dut eta lagun bat ikusi bertan. Ufa! Salbu naun! Atzeko atetik lagunari estraperloan 2 euro lapurtuz egin behar izan dut lanerako joana.

-Ostirala: Burua etxean utzi dut. Bueltan han izango ote da? 

Post-data bi:
Bata, aurreko lerroetan jasotako guztiak azken hiruhilabetekoan niri benetan jazotakoak dira.
Bestea, Gasteizko bulegoetako lasaipotoek ba omen dute abiadura honetan bizi garenon egunerokotasun aldrebesarentzat konponbide zerutiarra. 

Hiru hizki larritan laburbiltzen dute. AHT: Aldi batetarako Handinahien Txanponak.

Garbiñe Manterola

2010eko apirilaren 7an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!