Herri bizia garelako

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko api. 7a, 12:58

Euskaldun izatea zein nekeza den dio Ruper Ordorikak abesti batean eta, egia esan, ez dira, ez, garairik onenak euskaldunontzat. Herri ukatua gara eta nortasun propioa mantendu eta garatzeko oztopoak jartzen dizkigute bata bestearen atzetik. Adibide garbia dugu azkenaldian Euskal Herriko maparekin, sinboloekin zein hezkuntzarekin gertatzen ari zaiguna. Horrela, Euskal Herria kontzeptua bera ere edukiz hustu berri dute Espainiako epaitegiek. Gure eskoletan erabili dezakegula erabaki badute ere, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabara mugatu behar omen dugu. Izan ere, Nafarroa ez omen du barnebiltzen Euskal Herriak. Nafarroarik gabeko Euskal Herriak zentzurik ba al du, baina?  Noiz eta 2012.urtean 500. urteurrena beteko denean Nafarroako estatua indarrez eraitsi zutela. Horrela, gure kulturaren, nortasunaren eta historiaren  transmisioa errotik moztu nahi digute.

Garbi daukat gaurko agintarien esku utzita ez dela Euskal Herria estatu bezala onartua izatera inoiz iritsiko, nabarmena baita horretarako borondate falta. Kezka sortzen dit gure ondorengoak nolako Euskal Herrian biziko diren pentsatzeak, egonezina ekartzen dit etorkizuna iluna ikusteak eta horren aurrean zerbait egin behar dugula agintzen dit kontzientziak. Baina, argi izpia ikustera ere iritsi naiz, komunikabideetan irakurritakoak eta egunez egun ingurukoekin elkarbanatutakoak nire ikuspuntuak konpartitzen dituen hainbat eta hainbat herritar badirela ikustean. Noski gure artean ezberdintasunak badaudela, baina garbi daukat edozer eraikitzeko berdintasunetik abiatu behar dugula, batzen gaituena lehenetsiz, herri bat garela sentitzen dugulako. Finean, Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozial sakonak gauzatzeko bide berriak irekiko dituzten guneak indartu behar ditugu. Bestela, ezinezkoa izango zaigu XXI. mendean bizirautea. Azken urteetan Euskal Herriaren alde egindako lanak, sustatutako proiektuak, lortutako indar metaketak eta herritarren mobilizazio ugariak aipagarriak dira, herri bizi baten lekuko dira; besteak beste, euskal curriculuma, sindikalgintzan emandako urratsak, nazio eztabaida sarea...

Lan honetan eta aurtengo Aberri Eguna aitzakia hartuz, gune independentista sortzeko bidean abian jarriak gara Orion. Herritarrak izango gara motorra norbanakoez osatutako sare honetan, alderdien lehietatik at, aniztasunean, norberaren nortasun, kultura eta pentsamenduak babestuz. Elkarrekin lan egiteko dinamika berriak hausnartu eta martxan jarri beharko ditugu, guztiontzat gizarte justuago bat eraikitzea (lan eta aberastasun banaketa orekatuagoa, parekideagoa, ingurunearekin errespetuz jokatuko duena) herritar ororen ardura baita. Behingoagatik Euskaldun izatea zein ederra den! oihuka dezagun.

Abian gara, bidean elkar ikusiko dugu! 

Olatz Olariaga

2010eko apirilaren 7an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!