Elurtearen pasadizoak

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko api. 7a, 12:52

Bai arraioa, aurtengo honetan ez dakit zenbat aldiz elur zuriz jantzi den gure lurraldea.

Ez nuke esango zakarkeria handirik egin duenik. Niako tamaina Eneko elur aldiak. Luzeak ez, oso lodiak ere ez, baina nahiko sarri.

Elurra tristea da, lodi eta egun askokoa bada. Gaur egunean daukagun autoz mugitu beharrak, lanerako eta abarrerako, oztopo handiak jarriko lizkiguke.

Nahiz eta gure ingurumarietatik oso urruti joan gabe, izan dira horrelako arazoak.

Baina, urtean gutxitan izaten den elur zuria, tamainakoa bada, alaitasunaren grazi puntu hori baduela esango nuke. Telebistatik ere, irudi ezberdinak ikusi ditugu. Tamalez, aipatu berri dudan errepideetako ezinak.
Eta, bestalde, Donostiako Kontxan bainuak hartzen, alajaina, jendea. Eta ez gizonezkoak  bakarrik, baita emakumezkoak ere.

Alajainkoa eta bi! Horiek dute barrua, horiek! Irudi haiek ikusi hutsarekin, uste dut katarroa sartu zitzaidala. Eta ez da gutxiagorako. Nik beste erabaki hau hartu nuen elur aldi txiki horietarako: sukaldeko leihoz kanpoko koskan txoriei ogi apurrak jartzea. Eta ez zait damutu.

Etxean, honako hau esaten zidaten:  zaharra naizela eta txoratzen hasita nagoela. Baina ni ziur nago gauza politak egiteko inoiz ez dela berandu.

Badakizue zein polita den, leihoko koska bete txori ogi jaten ikustea, sukalde barrutik? Metro batera, gainera, kristalez kanpotik, barrua ez baitute ikusten.

Baita ere, zein polita den, berdeguneko arbolatxoaren adarretan, dozena bat txori, nik leihoa noiz irekiko zain ikustea?

Txoriak oso argiak dira. Uste dut, zeinek ondo egiten dieten, azkar ezagutzen dutela. Bestela, nire txapela beltzarekin kalera ateratzen nintzenean, elkarri txio-txioka edo abisatzen, eta haruntz-honuntz zalapartaka ez ziren hasiko.

Beharbada, etxekoek arrazoi izango zuten. Baina ni pozik sentitu naiz, eta inori kalterik egin gabe.

Agur txoritxuok. Etorri berriz ere leihora.

Nikolas Zendoia

2010eko apirilaren 7an

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!