Zure laguna izan nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mar. 16a, 13:12

Badator epela. Aurki kamiseta hutsetan, wifi! Hara, wifia ere badator herriko kaleetara. Ez omen da Perdidos serie osoa astebetean jaisteko balekoa izango, hala esan du alkate langileak. Halere, ona ekimena: antenak zuhaitzetan eta posteetan. Jendea bankuan edo harri gainean eserita portatila hartuta. Hau dena debalde, arnasa hartzea bezala. Oriotarra izateagatik.

Aldaketak ekarriko ditu herrian. Hasiak gara ondorioak antzematen. Aurrerantzean akabo kintako afarien kartel kutreak, akabo wordart zoragarriak: dagoeneko ebentoak facebook, tuentin edo twiterren iragartzen dira.
Herriko taberna batek lagun egiteko eskaera egin zidan pasa den astean. Kalakari eta Txalupa Musika Antzokiaren  –hondartza erdiko txiringitoan– laguna naiz.  Hauxe zion facebook proposamenak: egin zaitez bere lagun: 26 lagun komunean. 26 lagun komunean? Ez dira kabitzen.

Wifiak batuko ditu udaberria eta facebook kalean. Egon daitekeen konbinazio pastelena da, goizetik hasita; zure irribarreak bakarrik lotsatzen du eguzkia lainoen artean ezkutatzera. Herrigintza ere modu xelebrean egiten da return emanda. Unai Manterolaren fans egin dira eliztarrak; ordu erdi pasatxo mezetan eta Kolon Txikira.
Kontzientzia lasaitzeko ere balio du: Ni ere kanbiorik gabe joan nintzen Haitiren alde aingura euroz betetzera. Martxielek Rufinoren argazkia iruzkindu du (ha comentado la foto, facebook gaztelaniaz duzuenontzat): argazkia jarri bai, baina ez dek esango zenbat txipiroi eraman dituan etxea? Ja,ja!

Sare sozialetan iaioak ez zaretenak ez zenuten ezer ulertuko. Lasai, ez duzue ezer galtzen. Amak betiko galdera egin dit: internet... baina hori dena non dago?  Wifi! Goazen hondartza aldea buelta bat ematera, epeltzen hasi du. 

Jon Agirresarobe Torrotxo

2010eko martxoaren 17an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!