Mundu martxa 2010

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mar. 3a, 13:46

Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian izango dugu martxoaren 8tik 13ra bitartean. Mundu Martxa hau, emakumeen elkartasuna mundu osoan  zabaltzea beharrezkoa zela ikusi zelako sortu zen eta ekintza feministak aurrera eramaten dituen nazioarteko mugimendu da.

Munduko emakumeak bildu eta esperientziak elkarbanatzea beste pausu bat da feminismoaren borrokan; sareak ehuten joatea, tokian tokiko ahotsak entzutea. Hori guztia gertutik bizitzeko aukera izan nuen pasa den udan, brigadista moduan Chihuahuan eta Ciudad Juarezen egon nintzenean. Mexikoko eta Estatu Batuetako mugan dagoen hirian, emakumeek egunerokotasunean jasan ditzaketen arazoez gain, feminizidioari aurre egin behar diote –ehunka emakume desagertu eta hilik agertzen dira– Felipe Calderonen gobernuak beste aldera begiratzen duen bitartean. Ezintasun guzti horren aurrean ezinbestekoa zuten munduko emakumeon elkartasuna, Mundu Martxa erreferente handi bihurtu delako.

Mundu Martxan parte hartzen duten taldeen eta elkarteen helburu nagusi bat pobreziarekin eta emakumeenganako indarkeriarekin amaitzea da. Emakumeok pairatutako diskriminazio oro eta aukera berdinen ezaren aurka borrokatzen du. Aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoaren aldeko apustua egiten du, beraz. Munduko emakumeok proiektu komun batean biltzen gaituen ekimena dugu.

Aurtengo Mundu Martxaren aldarrikapenak hauek dira: indarkeria sexista ezabatzea, prekarietateatik irtetea, elikaduran burujabetza izatea eta emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak.

Martxoko ekimenen ostean, urte osoan, Mundu Martxaren lurraldekako ekimenak egingo dira: Asiakoa maiatzean, Filipinetan; Europakoa ekainean, Turkian;  Ame­riketakoa abuztuan, Kolonbian, eta amaiera urriaren 13 eta 17 artean izango da, Afrikan, Bukavun, Kongoko Errepublika Demokratikoan.

Justizian eta bakean biziko den jendartea lortzeko, ezinbestekoa dugu berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna oinarri izango dituen mundua izatea. Amesten dugun mundu horren alde abiatuko gara martxan, eta ez gara geldituko askatasunik ez duen emakume bat dagoen bitartean, gure eskubideak errespetatzen ez diren bitartean, parekidetasuna lortzen ez dugun bitartean. Milaka arrazoi genituelako elkartu ginen 2000. urtean eta mila arrazoigatik ibili ginen martxan Euskal Herrian zehar 2005. urtean. Oraindik ere milaka arrazoi ditugulako jarraituko dugu martxan.

Gonbidatuta zaudete datozen egunetan Orion eta Urola Kostan egingo diren ekintza eta ekitaldetan parte hartzera. 

Martxoaren 11n, Emakumeen Mundu Martxako furgoneta Zarautzen egongo da eta 13an, Iruñan bukatuko du.
Urratsak batuz, hartu martxa feminismorantz.

Eider Salegi, 2010eko martxoaren 3an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!