Okerreko bidetik al goaz?

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mar. 3a, 14:27

Eguneroko ogia bezain arrunta bilakatu da tratu txarreko gertakizunen maiztasuna. Benetan larria iruditzen zait hainbeste indarkeriaren presentzia edozein arlotan, edozein gizarte alorretan, edota edozein inguru eta egoeratan.

Etxeetan ohikoa da: gurasoen artean, seme-alabekin, horien artean… Bikoteen kasuetan, liskarretan konpondu ezinik dabiltzanean,  haurrek ere ordaindu behar izaten dute, era batera edo bestera, nahiz eta bidezkoa ez izan; umeak inguru lasai eta maitagarri batean hezi behar baitira.

Gure aiton-amonekin ere berdin, mehatxatuak, baztertuak, sobera daudela sentituaz askotan. Ikastetxeetan ere ohikoa da tratu txar edo bullying-a, bai ikasleen artean eta baita irakasle eta umeen artean ere, muturreko kasuetaraino iritsiz.

Kalean ere, besterik ez da gertatzen, askotan, taldeak sortuz eta horiek beren artean erasotuz, inongo eragozpenik gabe. Datuak hor daude, ikusi besterik ez dago nola bukatzen diren askotan liskar horiek diskoteketan; mehatxu, kolpe, irain… txorakeria horiek heriotza bilakatu arte. Heriotzek hartu dute gaina, seme-alabek gurasoei bizia kentzeraino… –azken kasua, Lasarten bertan–; edota kalean goazenean besterik gabe erasotuak izatea… ez dut hitzik aurkitzen guztia azaltzeko. Beldurgarria iruditzen zait honetara iristea.
Beraz, hausnarketa bat egitera beharturik gaude, onartezina baita. Argi eta garbi dago zerbaitek huts egin duela. Saia gaitezen gizatasunez jokatzen, ea pixkana-pixkana jokabide triste horiek bideratzen ditugun. Gure gurasoek edo helduek esaten zuten bezala, errespetoa ez dut uste inolaz ere galdu behar diogunik elkarri, ez hitzez ezta ekintzez ere.

Elkarrenganako tolerantzia erakutsi behar zaie guztiei, gehienbat gure helduei, haurrei eta ezinduei, ez baitute inongo errurik. Gizarte honetan inongo babesik ez dutenak direnez, saia gaitezen maitasun pixka batekin tratatzen. Horrela, agian, gu ere maitatuak izan gintezke. Ea ba urte honen amaiera hasiera baino lasaiagoa izaten den.

Maitane Garate, 2010eko martxoaren 3an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!