Trasto zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko ots. 17a, 14:23

Elurtearen ondoren errioak ur karga eraman ohi du; baina berdea, esmeralda-salda distiratsua. Ederra eta hotza. Eta itsasgoran Oriak janzten du bere eztei-soinekoa eta zelaien orlegi argiak, uraren turkesa kolorearekin batzean neguko zeru oskarbi urdinean, paradisuaren argazkia erakusten digu norbaitek. Norbait baldin bada, behintzat.

Aldiz, euri jasa bortitzak direnean, uholdeak txokolatezko sopa eraman ohi du itsasora trasto zaharrak eta zaborra tartean, madalenak kafesnetan bezala. Eta hantxe dakusagu moilatik alferrikako zenbat gauza darabilgun egunerokoan eta sarritan zertan eta non geratzen den gure arrasto biologikoa.

Lazkao Txikik gizonaren titiak zirela alferrik egindako naturaren lana bota zuen bertsotan. ArgiƱanok, telebistan, poltsako ogi bigunaren lehen xerra zela alferrikako gauzen adibidea. Eta nire lagun batentzat beta bideoa (edo okerrago 2000 bideoa).

Zenbat traste ote ditugu etxean? Eta berriz salduko bagenitu? Elkar trukatuko bagenitu behar desberdinak dituztenen artean?

Nik umetan zaharragokoen arropak jantzi izan ditut (agian gure jirakoak izango ginen azkenak) eta baita besteen liburu, jostailu eta tramankuluak erabili ere. Horrela, dena aprobetxatzen zen etxeetan kalte ekologikoa gutxituz eta bereziki dirua aurreztuz. Aberatsen gisa bizitu gara lurretik bi metrora; airean. Orain lehertu zaigu puxika eta sartu ditugu hankak hondarretan eta atzera begiratu beharra dago, egindako kaltea konpontzeko berandu baino lehen.

Krisiak erakutsiko digu berrerabiltzen eta erraustegiaren mamuak eta gure haurren begirada osasuntsuak erreziklatzen.

Dena den, oraintsu jakin dut gizonezkook ere badugula esnea emateko genea eta estres egoera larrietan aktibatzen dela. Ai, Lazkao Txiki, alferrikakoak zirela gizonaren errapeak! Ikusten nago hirugarrenari neronek emango diodala oraindik bularra!

Jokin Salsamendi

2010eko otsailaren 17an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!