Azken erabakiaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko ots. 17a, 14:03

Otsailaren 20an zazpi urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Eguna joan eguna etorri, erantzunik ez, aurrera pausurik ez, ezin gelditu amets gaizto hau.

Badirudi, ordea, azkenean, Egunkaria auziaren emaitza laster jakingo dela. Urte luze eta gogor hauen ondoren, hilabete honen amaierarako aurreikusten dugu epaimahaiaren erantzuna. Zer gertatuko da? Inork ez daki. Esperantza txiki bat ikusi dugun bakoitzean atzetik zartako latza etorri zaigu. Horren adibide garbiak dira 2005ean Espainiako eta Europako parlamentuek itxiera baliogabetzearen eta auzia artxibatzearen alde egindako eskariak.

Auzipetuek jasandako beste kolpe gogorraren adibide da Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, Miguel Ángel Carballok, kasua artxibatzeko eskatu zuenean 2006ko abenduaren 14an, akusazioek oinarri sendorik ez zutela iritzita. Geroztik jarrera hori mantendu duen arren, epaiketak aurrera jarraitu du Terrorismoaren Biktimen Elkartea eta Dignidad y Justicia erakundeek aurkeztutako salaketan bakarrik oinarrituta. Oraindik gogoan ditut egun horietan Martxelo Otamendik lankide guztioi esandakoak: Gaurkoa egun handia izango zelakoan, goizean txanpain botila batzuk eta pastak erosi ditut denok elkarrekin berri ona ospatzeko, baina zoritxarrez gorde egin beharko ditugu epaiak aurrera jarraitzen baitu; Egunkaria auzia ez da artxibatuko. Une latza izan zen hura; albiste txarrak berriz ere.

Egunkaria Epaiketa Taldeak dio denera 500.000 euro behar direla epaiketa gastuak kubritzeko. Dirua biltze aldera, ekimen ugari antolatu dira azken urteotan Euskal Herriko txoko gehienetan, jendearen laguntzari esker (aipamen berezia merezi dute Herri Batzordeek egindako lanek). Kamisetak, bono laguntzak, kontzertuak, hitzaldiak… denek jaso dute erantzun bikaina eta horri esker, zuei esker, zuloa txikitzen ari da.

Gustura jakingo nuke aurretik aipatu ditudan eta salaketa jarri duten bi erakunde horien diru iturria zein den. Ez dute aurrekontu makala izango neurrigabeko epaiketa gastuei aurre egiteko.

Ez ditut ahaztuta utzi nahi auzipetuek jasandako torturak, Espainiar Estatuak urteetan zehar onartu duen politika zikina. Alferrikakoak dira salaketak (Estrasburgora ere iritsi ziren baina…) eta sendagileen informeak; inkomunikazioa debekatzen ez duten bitartean euskal preso politikoak beti egongo dira arriskuan.
Amaigabea zirudiena amaitzea nahi dugu, horixe: absoluzioa!

Idurre Lizarralde

2010eko otsailaren 17an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!