Herri-torturak

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko urt. 20a, 13:41
Mikel Aranzabal

Asteburuan, Aian izan  nintzen lanean eta zaldi-mando probak eta ahari jokoak ikusi behar izan nituen.

Lehenengoari helduta, aurreneko aldia zen dema moduren bat ikustera joaten nintzena eta, ordurarte ez zitzaidan horren krudela iruditzen, nire begiekin eta gertutik ikusi nuen arte. Kamerarekin probalekuraino jaitsi eta animalia hura ikustean, zainak gori-gori, mingaina ahoan sartu ezinik, sufrimendu keinu amaigabeekin aurpegian… eta mandozaina tira eta tira, gehiago eskatuz. Ezin izan nion eutsi eta alde egin behar izan nuen, tripak nahastuta.

Igandean, berriz, herri-kirolen aurretik eta ondoren, ahari jokoak izan ziren Aiako plazan; eta berdin. Kaskezurren kolpe hotsak aurpegia lekuz kanpo uzten zidan, eta inguruko askorengan ere nabaritu nuen sentimendu bera.

Ezin dut ulertu. Animaliei egiten zaien horrek izen bat du eta gizakiok geure artean ere praktikatzen dugu, urrutira joan gabe. Nahi baduzue deitu ohitura, deitu herri-kirola, deitu folklorea edo deitu nahi duzuen bezala, baina hori ez da ez kirola ez eta kultura ere. Hori tortura da.

–Mikel Aranzabal–

2010eko urtarrilaren 20an

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!