Egunkaria libre!

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2009ko aza. 25a, 12:41

Denboran urrun, oso urrun, geratzen da Euskaldunon Egunkariaren itxiera. Gogoan, aldiz, gertu. Iltzatua, zizelkatua. Hil arte eraman beharko dugun tatuaje baten moduan.

Sei urte eta bederatzi hilabete pasa dira jada Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Sei urte eta bederatzi hilabete, ateko txirrinak jaikiarazi eta koinatak surrealista zirudien albistea zapla bota zidanetik.

Eta sei urte eta bederatzi hilabete beranduago amesgaiztoa dirudiena, oraindik bizirik dago. Bai, egia da Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera Berria kaleratu zela, paradoxak paradoxa, Egunkaria bera baino indartsuago. Bai, egia da orduan atxilotutako ia guztiak kalean daudela. Baina Euskaldunon Egunkariaren aurkako bi sumarioek –nagusiak eta ekonomikoak– aurrera darraite.

Sumario nagusiaren epaiketa egitear dago. Aurrena, azarorako iragarri zuten. Orain, badirudi abenduan egingo dutela. Bost lagun daude auzipetuta: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi. Erakunde armatuko kide izatea leporatzen diete.

Baina sei urte eta bederatzi hilabete geroago agerian geratu da akusazioak ez duela, ez hankarik, ez bururik. Fiskalak berak onartu du ez zegoela Euskaldunon Egunkaria ixteko arrazoirik. Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman. Ez da nire aipua. Ezta defentsako abokatuarena ere. Fiskalarena baizik. Kasua behin betiko ixteko eskatu du, ez egiteko epaiketarik; baina ez diote kasurik egin.

Zein da, beraz,  kasuarekin jarraitzeko helduleku bakarra? Asociación de Víctimas del Terrorismoren eta Dignidad y Justiciaren akusazioa, herri akusazioa. Hau da, abertzaletasunarekin lotura txikiena ere duen gai oro epaitegietara eramaten edo debekatzen ahalegintzen diren bi talde.

Norbaitek oraindik zalantzak baldin bazituen, sei urte eta bederatzi hilabete beranduago agerian geratu da Euskaldunon Egunkaria arrazoi politikoengatik itxi zutela. Eta euskarazko egunkariaren sortzaileak zigortzen badituzte, arrazoi horiexengatik zigortuko dituztela. Zeren, inork imajinatzen al du egunkari bat itxi, bultzatzaileak atxilotu eta torturatu, eta ia zazpi urte beranduago epaitegi batek horretarako arrazoirik ez zegoela esatea? Nik ez, hala izatea nahi dudan arren.

Auzipetuek kontatzen dute Guardia Zibilak ezin zuela ulertu –edo ez zuela ulertu nahi– Euskaldunon Egunkaria herritarrek musu-truk emandako laguntzari esker sortu zela. Ba orain ere laguntza eske gatoz. Auzipetuek merezi dute. Auzipetuek behar dute. Gu guztiok ere bai.

Jakes Goikoetxea
—2009ko azaroaren 25ean—



KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!