Bultzi leiotik, Europa

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2009ko urr. 16a, 09:49

Denbora askotxo generaman koadrilan bidaia bereziren bat egin behar genuela komentatzen. Baina betikoa, komentatu bai, baina bere horretan geratzen zen. Ba aurten ez! Unibertsitatea hurbiltzen zela-eta, askoren bideak bananduko ziren beldurrez, aurrea hartu eta, ustez, aro baten amaiera markatuko zuen bidaia prestatzen hasi nintzen 5 lagunekin. InterRaila egiteko tentazioa piztu zitzaigun orduan.

Esan beharrean nago nire helburua ez dela horren propagandarik egitea, baina diru gehiegi gastatu nahi ez duenarentzat aukera bikaina da txartel hori, Europako tren gehientsuenetan prezio baxuan bidaiatzeko aukera ematen baitu.

Abuztuaren 18rako egin genuen zita, hegazkinez Frankfurtera joan eta Vienara trena hartzeko. Ondoren Budapest, Krakovia, Praga, Dresde, Kolonia, Berlin eta Paris bisitatu genituen, irailaren 2an Hendaian amaitzeko. Primerakoa izan zen, baina baita neketsua ere, izan ere, bizkarrean hamabi kilok asko pisatzen dute!

Era horretako bidaia egiteak, ahalik eta diru gutxienarekin, txoko asko ezagutzeko aukera ematen du. Ostatuetan (gazteen albergeak) eta gaueko trenetan mundu osoko jendea ezagutzeko aukera izan genuen: Estatu Batuetan bizi zen txinatar batekin hasi eta Parisen bizi zen eta pospolo kaxak apaintzea afizio zuen indiar batekin amaitzeraino. Bisitaturiko herrialdeetako janari, erlijio eta kulturaz gain, zure antzera dabilen jendearen ohiturak, sarritan arrotz zaizkigunak, ezagutzeko aukera aparta ematen digu bidaiatzeko estilo horrek. Azken finean, estilo bat baita motxileroarena.
35 urtetik gora daramatza konpainia horrek mundu osoko jendeari Europa eta inguruko hainbat herrialde modu independente eta askean ezagutzeko aukera ematen. Hasieran 21 urtez azpikoentzat  bazen ere, gaur egun ez du adin mugarik. Bidaian jakin ahal izan dugunez, oso ezaguna da bai Ipar Amerikan eta baita Australian ere.

Nahiko seguru esan dezaket ez dela azken aldia izango horrelako abentura batean murgiltzen naizena, eta antzeko planetan zabiltzaten guztiei esan nahi nizueke benetan merezi duela horrelako bidaia egitea eta zuen planekin aurrera jarraitzeko. Ezagutzen ez zenutenoi, edo horrelako zerbait egitea inoiz bururatu ez zitzaizuenoi ere gonbita luzatu nahi nizueke, ez baitzarete damutuko. 

Noizean behin aberritik kanpora ateratzea ere ondo etortzen da, herrialdeak bisitatu eta jendearekin harremana izateko. Nik uste, bidaiatzeak munduarekiko ikuspegi propio izatea  dakarkigula, eta hori pertsona gisa oso aberasgarria dela. Horregatik, kanpora irteteko aukera oro aprobetxatu beharko genukeela uste dut, eta batez ere gazteok. Beraz, badakizue: Bultzi leiotik, bisitatu Europa!

Eli Huegun

—Zuzenbide ikaslea—

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!