Debate interesgarria azken KARKARAn

Erabiltzailearen aurpegia Aralar 2007ko abe. 24a, 09:44
Azkenaldi honetan oso debate interesgarria ari da gertatzen oriotarron artean, interesgarria bezain aberasgarria. Gaia informazioaren ingurukoa da: askatasuna, manipulazioa, zentsura, kalitatea…, eta oso gauza politak irakurri ditut. Horren erakusgarri izan da KARKARAren azken aleko iritzi atala. Hori oso pozgarria da. Eta seguru asko, neurri batean, KARKARAren urtetako lanaren eraginez etorria.

Azken KARKARA horretan entzun dudan polifonian oso ahots ezberdinak zeuden, eta emaitza aberatsa zen.

Horrexegatik nago, hain zuzen, KARKARAren alde, eta Orioko Plazaren kontra: batean jende askok idazten duelako, bestean bakarrak; batean ideien arteko talka gertatzen delako, bestean ideia denak ildo batekoak direlako; bata egiteko jende asko jartzen delako pentsatzen eta gero idazten, bestean, berriz, talde bakarra.

Azken KARKARAn, Jokin Salsamendik ere, maisuki, ironia modu gozagarrian erabiliz, KARKARAren alde egiten du, baina batez ere pentsatzeko eta idazteko askatasun pertsonalaren alde. Jon Redondok ere artikulu interesgarria idatzi du, kritika erraza egitearen kontra jo du, adieraziz informazio kontrastaturik izan gabe batzuek egiten dituzten kritikek ez dakartela gauza onik. Patxi Urangak KARKARAko kazetarien lana aztertu eta defenditzen du. Saiatzen da iritzia eta informazioa bereizten, esanez iritzia sinatuta joan ohi dela, eta sinatutakoetan esandakoak sinatu duenaren erantzukizunpean doazela.

Gauza batean ez nago konforme Redondorekin: kritika egin behar da; hori sanoa da, eta beharrezkoa, eta politika gaietan ere bai, jakina. Horri ez zaio beldurrik izan behar, politika guztiona da, eta guztioi dagokigu. Problema sortzen da ezizen batekin sinatzen dutenen artikuluekin. Paperezko KARKARAn arazoa ez da horren handia, aldizkariaren arduradunek badakite-eta ezizenaren atzean dagoena nor den. Baina interneteko KARKARAn anonimatua erabatekoa da, eta, hor bai, hor arazoa handia izan liteke, batzuk anonimatuaren inpunitate horretatik zuzenean min ematera doazelako, doako irainak jaurtiz, eta azken egunetan elkarri mehatxu egitera iritsi dira. Dagoeneko problema izan da KARKARAkoentzat ere; hauek iritsi dira mezu anonimo horietako bat saretik kentzera. Norbaitek esan lezake zentsura egin dutela. Ondo egin al dute? Askatasuna norainokoa da? Dena libre al da?… Debate polita dago.

Azken KARKARA honetan ere izan dira gauza batzuk ezizenean ezkutatuta atera direnak. Nire harridurarako, bertsoak joan dira horrela. Eta, hara, nik badakit, seguru, bertso horiek irakurrita, batzuk minduta sentitu direla. Munduko beste toki batzuetan antzeko gauzak idazteagatik hiltzera iristen dira (gogoratu Shalman Rushdieren kontrako mehatxuak). Nik, nire eskuetan balego, toki gutxi utziko nioke ezizenez sinatutakoari, esan nahi duenak erakuts dezala aurpegia, batez ere, gaiagatik edo tonuagatik, idatziak min eman dezakeela aurreikusten denean. Eta ezizenaren kontu honi ñabardura bat erantsiko nioke: talde baten izena ez da, noski, anonimatua, baina nik uste dut talde baten izenean ezin dela idatzi bat erabili pertsona bat egurtzeko, haren lana kakazteko, hari zuzen-zuzenean min emateko. Eta hori ere gertatu da.

Seguru asko, ondo letorkiguke denoi asmatuko bagenu bereizten bekatua eta bekataria, hartaka bekatua bakarrik kritikatuko genuke. Seguru asko, ondo letorkiguke Redondok eskatzen duen enpatia-ariketa egitea ere, bestearen tokian jartzen saiatuta hitzak leunago aterako litzaizkigukeelako, ertz mingarriak kamustuta. Tentsio handia dago gure artean, batez ere politika inguruko kontuetan. Denok ere berotzeko joera daukagu. Neuk ere badut horren eskarmentua, eta herritar batekin izan dudan jende aurreko eztabaidan neurriz gain ibili nintzen, bere hitzek min egin zidaten eta nireen bidez ere horretan saiatu nintzen. Emaitza ez zen ona izan, mina ez da ona. Zorionez, herritar hori niregana etorri zait, hitz egitera, eta horixe egin genuen, hitz egin, elkarri begira eta elkarri entzunez, eta, bukaeran, elkarri bostekoa emanez bukatu genuen. Gabon giroan gaudelako izango da, beharbada, gabonetako miraria.

Euskal Herrian ere zerbait beharko da, min asko eta handia dago bazterretan. Ea horrelako mirari gehiago gertatzen zaigun denoi! Horixe opa dizuet.

Iñaki Iturain

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!