Eskubide osoa daukagu euskaraz bizitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aralar 2007ko aza. 27a, 23:23
Azaroaren 27ko udaletxeko plenoan PSOEko zinegotziak UEMAren estatutuak aldatzearen kontrako botoa ematea zuritzeko esan zuen UEMAk herri elebakarra sortzeko helburua duela, hizkuntza bakarrekoa alegia, eta, horrela, Euskal Herriko biztanle erdiak baztertuta uzten direla.

Han, bestelako kontuak ere asko ziren, eta inork ez zuen gai horretan besterik ezer esan. Nik uste dut horrelakoetan ez dugula isilik geratu behar, eta horrelako hitzek erantzuna behar dutela.

 

Euskaldunak, nagusi garenok, ia ehuneko ehunean elebidunak gara, gutxienez bi hizkuntza dakizkigu, eta askok gehiago ere bai. Baina euskaldunok saiatzen garenean euskaraz bizitzeko gutxieneko egitura sozialak sortzen, eta horixe besterik ez du nahi UEMAk, eta harekin batera euskaldun askok, beti dago erdaldun elebakarren bat, erderaz bakarrik dakiena, euskaraz ikasteko batere asmorik ez daukana, guk euskaraz bizi ahal izateko ahalegin horiek salatzera etorriko dena, eta, ahal duen neurrian, oztopatzera.

 

Ba, horiei oso garbi esan behar diegu, oso argi: Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubide osoa daukagu, alor eta funtzio guztietan, eta, horretarako, euskaraz biziko den lurralde bat behar dugu. Euskarari eusteko eskubidea bakarrik ez, esango nuke euskaldunok euskarari eusteko betebeharra ere sentitu beharko genukeela gure baitan.

 

Baina, kontuz, ez diezagutela adarrik jo, ez dezatela gezurrik esan, guk, nik behintzat, ez dugu elebakar izan nahi, ez gara eta ez dugu nahi, euskaldunok gutxienez hiru hizkuntza behar ditugu munduan erraz eta ondo bizitzeko, eta horretan ari gara. Baina guk, euskaldunok, behar-beharrezkoa dugu lurralde bat non jendea euskaraz bizi den, natural-natural, turkiarrak turkieraz bezala edo espainolak gaztelaniaz bezala. Horrelaxe. Eta horretan saiatu behar genuke.

 

IƱaki Iturain

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!