Gora gu ta gutarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aralar 2007ko aza. 21a, 15:32
“Gora gu ta gutarrak” kantu baten hitzak dira, bertsolari bizkaitar bikainez osatutako talde batek atera berri duen diskoari izena emateko aukeratu duten kantuaren izenburua. Orion ez dakit jende askok erosi ote duen diskoa, ezta kantu hori entzun ote duen ere. Disko ederra da, erosi.

Baina, hala ere, jarraitzaile asko ditu gure artean “gora gu ta gutarrak” kantu horrek. Horrelaxe sumatu ditut herriko gazteak, oro har, KARKARAren azken zenbakietan irakurri dizkiedan iritzi artikulu eta abarretan: “gora gu ta gutarrak”. Horrelaxe agertu dira, hementxe, blog honen ondo-ondoan, EAJkoak: “gu aproposak, gogotsuak eta esperientziadunak gara, emateko asko daukagunak, seguru gaude”, “gora gu ta gutarrak”. Bejondeizuela!

Ez zait harrigarriegia egin, hala ere, horrelaxe ohituta gauzkate gainontzeko politikoek ere, Herri Handiko goi politikan dabiltzanen aldetik oso nabarmena da hori, baina herri txikiko politikatxoan gabiltzanon artean ere horixe da joera nagusia: txarra bilatu behar dugunean besteei begiratu, eta onaren bila hasitakoan ispiluari.

Emaitza ere horrelakoxea izan ohi da, itsusia, zatarra, izan ere edozein ez da artista, eta hori ondo egitekotan artista behar da, Bizkaiko Bertsolari Bikainak bezala. Ez bazara artista, ez da komeni “gora gu ta gutarrak” sarri kantatzen ibiltzea, bestela, desafinatu eta gogaitu egingo dugu entzulea, gure kasuan aspertu egingo genuke irakurlea.

Guk arterik ez daukagunez, hobe dugu “gora gu ta gutarrak” ospakizun berezietarako bakarrik utzi eta tarteka “mea culpa” izeneko kantua abestea. Guk, Aralar-Ezker Batuko zerrendakideok, baditugu arrazoiak “mea culpa” kantuan aritzeko, eta besteek “zuen kulpa” kantatzen digutenean onartzeko ere bai.

Baina, hara, besteentzat ere ez litzateke ariketa txarra, nik uste dut osasungarria eta guzti izango litzaiekeela. EAJkoak ausartu dira eta halako batean agertu egin zaizkigu KARKARAk eman digun herritarrenganako leiho honetan. Asko poztu naiz, “gora gu ta gutarrak” kantua ez zaie ondoegi atera, arte pixka bat falta izan zaie, baina jardunaren poderioz beti ikasten da zerbait. Beraz, segi, ez etsi. Gure alkatea ere erne ibili da, ehun egun pasa, eta ra! batere itxoin gabe, ehun eta batgarrenean egunkarietan “gora gu ta gutarrak” kantuaren bertsio bat kantatu digu: “poparen”, gero, ezkerrera begiratu eta “eman egurra” abestu digu, txanpan murgildutako traineruko patroiak bezala.

Ondo dago, guk erraz jarri genion egurra emateko ariketa. Merezi genuen eta kito! Baina, alkate jauna, “gora gu eta gutarrak” ondo kantatzeko, lehen esan dut, arte pixka bat behar da, edozein ez da Bertsolari Bizkaitar Bikaina, eta horretara iristeko, komeni da beste kantu batzuekin entsaiatzea aurretik. Hor dago “mea culpa” kantu ezin dotoreagoa, adibidez. Uste dut alkate jaunari ere, bere inguruari ondo erreparatu ondoren, ederki aterako litzaiokeela kantu hori eztarritik. EAJren kasuan, berriz, ez daukat zalantza izpirik, ondo egingo lukete. Animo!

Iñaki Iturain

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!