Eskerrik asko Karkara!

Erabiltzailearen aurpegia Aralar 2007ko aza. 7a, 11:32
KARKARA badabil, eta aurreraka, 1989an sortu zenetik beti egin du aurrera, baina momentu jakin batzuetan emandako aurrera pausoak handiak izan dira oso: auto-edizioa egitea, Aiara zabaltzea, bi astean behin plazaratzea, aldizkaria sarean jartzea… Orain garrantzi handiko beste aurrerapauso bat eman dute: karkara.com web gunea sortu eta herritarrei eskaintzea.

Ez da broma egin nahi dutena, Orio eta Aiari buruzko informazioa ia egunero jarri nahi dute sarean, nahi duten guztien eskuragarri. Bejondeizuela, benetan, ez zarete makalak! Nik parte hartu nuen orain 18 urteko hasiera hartan eta oso harro nago aurrerapauso handi honetan ere parte banaizelako.

Hori KARKARAko lagunentzako mezua zen, eskerrak emateko eta adorea opatzeko. Orain, zuentzako mezua da, blog hauetan barrena murgilduko zareten herritarrontzat. Ez da eginkizun erraza KARKARAtik gure udal taldeari eskatu digutena: ahal dela sarri-sarri, nahi dugunaz, nahi dugun bezala eta nahi dugun beste jarduteko, idatziz, herritar guztien aurrean.

Ez da erraza, ez, baina onartu egin dugu erronka, merezi duelakoan. Horretan saiatuko gara. Baldintza bakarra jarri digute: euskaraz idaztea, ez dago beste mugarik. Mugak, jartzekotan, guk geuk jarri behar genizkioke gure buruari, eta nire iritziz jarri beharreko muga horiek bi hitzetan azaldu litezke: elkarrekiko errespetua. Hortik aurrera libre. Nik uste dut baldintza hori bermatzeko neurri egokia dela idatzi guztiak sinatuta plazaratzea. Hori funtsezko datua izaten da, jakitea nork idatzi duen. Nik behintzat horrela egingo dut idazten dudan bakoitzean.

Eta hasteko, nahikoa. Oso laster arte.

Iñaki Iturain

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!