ORIOKO EAJ-PNVk SEI LAN TALDE OSATU DITU MODU ZUZENEAN HERRITARREKIN KEZKAK PARTEKATU ETA EKARPENAK JASOTZEKO

Erabiltzailearen aurpegia Orioko EAJ-PNV 2014ko urr. 16a, 22:31
“Oriotarrei entzun eta ekarpenak jaso nahi ditugu” dio Zalduak

Orioko EAJ-PNVk iragarri du sei lan talde osatu dituela oriotarrek egunerokotasunean eta baita ere herriaren etorkizunari buruz dituzten kezkak, ikuspuntuak, iritziak, eta iradokizunak entzun eta partekatzeko modu zuzenean.

 

EAJko lehendakari eta alkatetzarako hautagai den Joxe Angel Zalduak adierazi du Habian jarri berri duten ekimen honen helburu nagusia dela oriotarrek bere  herriaz , bere alde onak eta hutsuneekin, kaleak sentitzen eta ikusten duen ahalik eta  argazki zuzenena egitea. “Adituen eta teknikarien ikuspuntuetatik baino haratago joan nahi dugu eta modu zuzenean ahalik eta herritar gehienen iritziak jaso”.

 

“Gure lehentasuna pertsonak dira eta, horregatik, pertsonen partaidetzan sinesten dugu, hori delako bide egokiena etorkizuneko udal proiektuak eremu guztietan ondo  definitzeko, nola hirigintzan, ekonomian hala gizarte arloan. Eta azpimarratu du: “ezin da erabakirik hartu edota gobernu programa bat osatu herritarren iritzia kontuan izan gabe eta, are gutxiago, haien borondatearen aurka”.

Horrela adierazi du osatutako lan taldeak sei esparrutan arituko direla, bakoitza bere arduradunarekin. “Horrela, Ongizateari lotutako gaietaz, ditugun baliabideaz, gabeziaz, jasoko diren  eta partekatuko diren ekarpenetaz Noemi Ostolaza arduratuko da”. Bigarren bat, Gobernu Onarena izango da eta arduraduna Zaldua bera izango da. “Erronka bezala jarria dut egunero jendeari  zuzenean entzuteko denbora ateratzea eta segidan etor daitezkeen erabakiak entzun eta egindako ekarpenak kontuan izanda hartzea”.

 

Turismo, merkataritza, ekonomia, arrantza eta nekazaritza arloko gaietan Martxiel Genova arituko da. “Orioko herriari bete betean ukitzen diotenak” Zalduaren esanetan. Hirigintza, obra eta zerbitzuen inguruko azterketa eta gogoetak jasoko duen arduraduna Iñaki Lertxundi izango da eta euskara eta hezkuntzari lotutakoak Fernando Aranbarrik kudeatuko ditu. Seigarren atala, kirolak eta gazteriaz arituko da eta arduraduna Ainhoa Usandizaga izango da. 

 

Amaitzeko, Joxe Angel Zalduak esan du  bere hautagaitza publiko egin zenetik hainbat harreman eta bilera izan dituztela ekonomi arloko, hezkuntza munduko eta gizarte erakundeetako eragileekin, eta oraingo urrats hau eman dutela “udal politikagintza batez ere kale mailan gauzatu behar delako” eta herritarrei gonbitea luzatu die dituzten ekarpen eta iradokizunak egitera, baita ere, eaj.pnv@gmail.com posta elektronikoaren bidez. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!