Joxe Angel Zaldua: “Merezi duen eta inoiz galdu behar ez zuen lekura bueltatuko dugu Orio”

Orioko EAJ-PNVk ekitaldia egin zuen herriko plazan, Joseba Egibar, Gipuzkoako burua bertan zela

Joxe Angel Zaldua: “Merezi duen eta inoiz galdu behar ez zuen lekura bueltatuko dugu Orio”

Orioko hautagaiek Joseba Egibarren babesa jaso dute gaur, eta itxaropentsu agertu dira, uste dutelako emaitza onak izango dituztela datorren asteburuan: “Merezi duen eta inoiz galdu behar ez zuen lekura bueltatuko dugu Orio”, aurreratu du alkategaiak, Joxe Angel Zalduak.

Gogoratu du jeltzaleena izan zela azken Udal eta Foru hauteskundeetako zerrenda bozkatuena, baina Bilduk Alkatetza kendu, eta, ondorioz, lau urte galdu direla: “Herria geldituta egon da, eta jeltzaleok Oriori behar duen bultzada hori ematera gatoz”.

Horretarako, hamaika helburu ezarri ditu EAJ-PNVk: Enpresei bultzada eman, Aizperroko eremuan enpresa gune berria garatu, azpiegiturak hobetzeko plana egin, menpekotasuna daukaten pertsonentzako egoitza eraiki, gardenak izan, etxebizitza politikak abiatu, herritarren parte hartzea sustatu, birziklapena sustatu 5. edukiontziarekin, turismoa eta aisialdia sustatu, euskarari bultzada eman eta kirol ekimenak sustatu. “Ideia mordoa daukagu eta ziur gaude oriotarrek babesa eskainiko digutela”, adierazi du hautagaiak.

Egibar ere hala uste du,  argi daukalako EAJ-PNVk gauzak norabide egokian egin dituela beti. “Erabaki guztietan ez genuen asmatuko, baina gehienetan bai, herritarren pultsua hartzen jakin izan dugulako eta herritar guztiak errespetatu izan ditugulako”, argudiatu du.

Beste behin ere, ohartarazi du herritarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutela: “herritarrak errespetatu eta Herri honen garapena ahalbidetu duen EAJ-PNVren” eta “inposiziorako, kontrolerako eta planifikazio ezarako joera duen ezker abertzalean” ereduen artean. “Ekinez egina, hechos, hori da aukeratu dugun leloa, hori delako EAJ-PNVk egiten duena: Herri honen mesedetako, erabaki ezberdinak hartu ditugu azken hamarkadetan, eta asmatu egin dugu. Etorkizunean ere hala egingo dugu”, aurreratu du GBBko presidenteak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide