EAJk Oribarzarko hondartza berritzeko 9 milioi euro lortu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Orioko EAJ-PNV 2023ko mar. 13a, 11:08
Oribarzar hondartza. (Orioko EAJ)

Bi urte luzez egin den lanaren emaitza izan dira EAJ-PNVk Oribarzar Hondartza berritzeko Estatuko aurrekontuetatik lortu dituen 9 milioi euroak. Alderdiak Orioren alde egiten duen lanaren isla da.

Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko Ministeritzaren Kosta zuzendaritzak burutu du Oribarzar hondartza zaharberritzeko proiektua. Bertan aukera ezberdinak aztertzen dira eta hondartzaren diseinuari buruzko lanketa bat egiten da. Orioko Udaleko Hirigintza Batzordean aurkeztu da proiektua, eta aukera ezberdin guztiak aztertuko dira.

Proiektuan Txurruka aterpetxea lekuz aldatzeko proposamena barneratzen da, oraingo kokalekuan ordenazioz kanpo dago eta. Aterpetxea eraitsi eta berri bat egiteko 6 milioi euro bideratuko dira. Beste 3 milioiak, berriz, behar diren azterketak, proiektua eta hondartza berritzeko lanak egiteko izango dira.

Proiektua aztertuta, Orioko EAJri iruditu zaio Oribarzarrera iristeko historikoki beti bertan egon den enbarkaderoa edo ontziralekua berreskuratu eta proiektuan txertatu behar dela, eta horrela adierazi dugu. Modu horretara ingurua behar den bezala garatuko delako.

Bestetik, Txurruka aterpetxearen kokapen berriaren azterketa bat egin beharra dago eta alderdia dagoeneko ari da planteamendu eta kokapen berriak bilatze lanetan.

Datorren legealdian egingo den lana funtsezkoa izango da Oribarzar ingurua berritzeko. Lanketa horretan eremuan eskumenak dituzten beste administrazioen inplikazioa eta elkarlana ezin bestekoa izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!