Udalbatzarren laburpena

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Aia 2014ko eka. 10a, 08:43

Pasa den ostegunean udalbatzarra egin zen udaletxean, non, hainbat puntu onartu genituen EH Bildu eta EAJ-ren artean, Andatzako eskolaren desafekzioa (eraikinak beste erabilpen bat izan dezan), 2013ko Kontu Orokorrak eta Arau Subsidiarioen aldaketa (Arrazubi-Olazabal).

Horrez gain, Elkanoko frontoia ere izan genuen eztabaidagai. Puntu honetan, EAJ-k Zarauzko Udalarekin egindako hitzarmenaren onarpena bozkatzen zen baina beste gai askotan bezala, ez genuen hitzarmen honen berri udalbatzarra iritsi arte. Hitzarmen honen arabera, Elkanoko frontoia eta elkarteak 832.024,02€-ko kostua izango du (lursailen erosketa aparte) eta horietatik 240.000€ Zarauzko Udalak ordainduko dizkigu bost zatitan, 2018arte. EH Bildu taldea osatzen dugunok argi utzi genuen beste behin dimentsio eta kostu horretako proiektu bat ez dela herriaren lehentasuna, eta gutxiago bizi ditugun garaietan. Gogorarazi nahi dugu 2014rako aurrekontuek jasotzen duten gastuen 4€-tatik 1 baino gehiago proiektu honetara bideratuta daudela, gehiegikeria hutsa iruditzen zaigu.

Bestalde, Lur-Alkartasuna Kooperatibarekin sinatu nahi den hitzarmenari buruz ere hitz egin zen. Hitzarmen honen helburua, kooperatibaren iraunkortasuna bultzatzea da almazenean egin behar diren obretarako diru laguntza bat emanez, 25.000€ aurten eta 20.000€ hurrengo urtean. Guk gai honen atzerapena eskatu genuen, ez gaudelako ados erabili den prozedurarekin, dena azkeneko egunetan, presaka eta informazio osoa eskutan izan gabe. Gainera enpresa pribatuei ematen zaizkien diru-laguntzak lehiaketa publiko bidez eskeintzea ikusten dugu egokiena.

1- EAJ-k bakarrik erabaki du kooperatibaren juntarekin zenbateko diru laguntza emango den, inongo irizpiderik gabe.
2- Kooperatibako juntak udalbatzarra baino hiru ordu lehenago pasa dizkigu obraren aurrekontuak, ez dugu denborarik izan aztertzeko. ( Udal gobernuak Udaletxeko gobernu batzordean ez zituen aurrekontuak aurkeztu, balorazioa egin ahal izateko)
3- Informazio falta handia gai honen inguruan.

EAJ-k onartu zuen hitzarmena atzeratzea kooperatibaren inguruan azkenaldian egon den liskarrak saihesteko, baina aldi berean, ez zuen onartu 25.000€-ko kreditu aldaketaren atzerapena. Alegia, EAJ-k diru kantitate hori emateko asmoarekin jarraitzen du. Orduan, zertarako atzeratu hitzarmena diru laguntza hori ezin bada aldatu? Transparentzia gehiago eskatzen dugu gai honetan.

Azkenik, EH Bilduk aurkeztutako bi mozio onartu ziren baita ere. Horietako bat ikurriñaren aldekoa, non, hiru gauza eskatzen genizkion udalari:

1- Udaletxean plaka bat jartzea, bandera espainolaren inposaketa salatuz.
2- Herritarrei dei egitea ikurriña balkoietan jartzera animatuz.
3- Herriko bi sarreretan ikurriña bat jartzea.

EAJ-k ez zuen hirugarren puntu hau onartu eta lehen bi puntuekin onartu zen mozioa, gai honetan ados egotea ezinbestekoa iruditzen zaigulako.

Aiako EH Bildu

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!