AMEZTI baserriari buruzko ezohiko plenoaren balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Apirilaren 20an egin zen plenoaren baliogabetasuna eskatu dugu.

2010eko irailaren 10ean, Aiako Udalak egoitza-eraikinerako erabilia izan zen Amezti baserria eraberritzeko baimena eman zuen, jatorrizko baserriak zuen erabilpenari dagokionez inolako aldaketarik aipatzen ez zelarik beraz, egoitza erabilpenerako eman zitzaion lizentzia.

2012ko martxoaren 12an, Aiako Udaleko arkitektuak lizentzia ematearen aldeko txostena jakinarazi zuen, txostenean bertan aipatzen ziren baldintzekin.

2012ko irailaren 26an Aiako Udalak bere arkitektuak eginiko aldeko txostena jakinarazi zuen, baserri zaharra eta pabiloiaren eraiste proiektua aurkezteko baldintzapean. Jakinarazpen horretan Amezti baserriaren eraberriketa eskatzen dute, gaurko eraikina ordezkatuz.

Geroago, 2013ko urtarrilaren 22an, Aiako Udaleko arkitektuak lizentziaren aldeko txostena sinatu zuen. Egun berean, Aiako Udalak Amezti baserria eraberritzeko obren leku aldaketarako baimena eman zuen.

Kokapen berria eta eraikin berriaren beste hainbat ezaugarri definitzen zituen proiektuan ez zen aldaketarik aipatzen eraikinaren erabilerari zegokionez 2010ean emandako lizentziarekin alderatuz beraz, emandako azken baimenak egoitza erabilerako eraikin batentzat izaten jarraitzen zuen.

Azken hilabeteetan zalantza ugari sortu ditu eraberritzeko baimen hauen legalitateak. Esanguratsuak dira Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arartekoak eraberritze honi buruz bidali dituzten aurkako txostenak.

Baimen horiek direla eta, gaur egun gaia Epaitegietan dagoela azpimarratu behar da, zehazki Zigor Arloan; une honetan, Fiskaltza deliturik egon ote den ala ez aztertzen ari da.

Gaiaren garrantzia kontutan izanik, EH Bilduri zenbait kezka eta zalantza sortu zaizkio. Kezka eta zalantza horiek argitze aldera, 2015eko azaroaren 9an mozio bat aurkeztu genuen Aiako EH Bilduko zinegotziok, eta Aiako Udal Gobernuak ez zuen onartu. Hori dela eta, behartuak ikusi ginen ezohiko pleno eskaera egitera.

Ezohiko plenoa eskatzeko helburuen artean, alde batetik, Epaitegietan dagoen eta eztabaida sortu duen lizentzia horren baimena suspentsoan uztea; bestetik, Aiako Udal Gobernuak azalpenak ematea lizentzia horren inguruan, ordurarte ez Alkateak ezta Udal Gobernuak ere inolako azalpenik eman nahi izan ez zutelako; eta aldi berean, gai honen inguruko eztabaida jendartera zabaltzea.

Aurrekoaren harira, 2016ko apirilaren 20an, Amezti baserriari emandako obra baimenari buruzko ezohiko plenoa izan zen, Aiako EH Bildu Udal Taldeak eskatuta.

Ezohiko plenoa ospatu zen eta bertan gertatutakoaren harira, Aiako EH Bildu Udal Taldearen ondorioak honakoak dira:

Aiako Udal Gobernuak ez duela inolako erantzunik EH Bilduk egindako galderei. Hau da, “lur horietan eraiki daiteke, bai ala ez?”. Beste behin ere eztabaida hau ezkutuan mantentzeko interesa erakutsi zuen EAJ-PNVk pleno horretan, EH Bilduk egindako galderak erantzuteari uko eginez. Erabat larria iruditzen zaigu Aiako Alkatea lur horietan eraiki daitekeen ala ez erantzuteko gai ez izatea gai hau Epaitegian dagoela jakinik. EAJ-PNV arduragabe jokatzen ari da kontutan hartuta Ameztiren jabeek indemnizazio posible baten eskaera jarri zutela duela hilabete batzuk mahai gainean, epaileak Amezti eraisteko erabakia hartuko balu. Obrak aurrera doazen heinean herritarrei eta udalari egingo zaien kalte ekonomikoa handitzen doa eta EAJk ez du lizentziaren legalitatea zalantzan jarri nahi.

Aiako Alkateak eta EAJ-PNVk erakutsitako jarrera oztopatzailea salatu nahi du EH Bilduk.

Bestalde, ezin aipamenik egin gabe utzi, ezohiko plenoan erabilitako prozedura. EAJ-PNVk plenoan bertan proposamen alternatibo bat aurkeztu zuen, ezohiko plenoaren zerrendan jasota ez zegoen proposamena hain zuzen ere. Inolako bozketarik egin gabe eta aurrez ezohiko plenoaren gai zerrendan sartu gabe txertatu zuen EAJ-PNVk proposamen hori. Horregatik guztiagatik erabaki dugu apirilaren 20ko ezohiko plenoaren baliogabetasun eskaera aurkeztea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!