Behin betiko

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2017ko api. 10a, 13:47

"Azken aldian ETAk adierazpen garrantzitsuren bat egin duen ia gehienetan, esango nuke hurrengo Karkaran idazteko txanda hartua neukala."

Azken aldian ETAk adierazpen garrantzitsuren bat egin duen ia gehienetan, esango nuke hurrengo Karkaran idazteko txanda hartua neukala. Zuek ez zarete gogoratuko, baina ni bai. Badirudi apropos egin dudala. Baina tira, esanak esan eta izanak izan, armagabetzea iragarri ostekoa ere niri tokatzen zait eta hemen nator, inork baino arrazoi handiagoa izateko asmorik gabe, egin dudan gogoeta zuekin konpartitzera.

Apirilaren 8a, hori da ETAren behin betiko armagabetzerako data, su-etena iragarri eta 5 urte eta erdira. Franco hil eta ia 42 urtera.

Indarkeriari lotutako une asko ditut gogoan, oso umea izan arren itsatsita geratu zitzaizkidanak. Lehen oroitzapena, Ortega Lararen bahiketa, albistegian egunero aktualizatzen zuten zenbakia dut: 167 egun bahituta, 234, 305, 399, 465, 510... azkenean, 532. Hurrengo oroitzapena, Beasainen trafikoa zuzentzen ari zirela tiroz eraildako bi ertzainak, Ana Isabel Arostegi eta Francisco Javier Mijangos. Ondo gogoan dut non eta norekin nengoen. Garai beretsu hartan, frontoi ertzeko horman Unai Romanoren argazkiak jarri zituzten, lehen eta orain. Handik gutxira, Juan Priederen hilketa. Arratsalde hartan soinketa geneukan eta sofbol zelaian geunden Ertzaintzaren helikopteroak pasatzen ikusi genituenean. Etxera bazkaltzera joandakoak bueltan etortzen hasi zirenean jakin genuen zer gertatu zen. 2003ko otsailaren 8an dantza emanaldia geneukan kiroldegian eta amarekin abarkak erosten ari nintzela, irratian esan zuten Joseba Pagazaurtundua hil zutela, Andoainen. Handik 12 egunetara itxi zuten Egunkaria, nik 12 urte bete nituen egun berean.

2003.urtean, 12 urte eskasekin horrelako momentuak buruan grabatuta edukitzea normalizatu egin dugu. 14 urte beranduago oraindik ere gogoan ditut. Hala tokatu zaigu esan ahal izango du bateren batek, baina horrelako gauzak tokatzen ez direlakoan nago, tokarazi egiten direla.

Armagabetzea 2017an gertatuko da, norberak jakingo du zein duen honetara eraman gaituen ipinitako hondar alea. Hondar alea edo harria, kasuan kasu. Ez dago inor parte hartzera behartuta. Beno, agian bada egon beharko lukeen norbait, baina interes handirik ere ez du erakutsi. Nahi ez duenak ez dezala parte hartu, baina mesedez, oztoporik ere ez dezala jarri. Ez dugu merezi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!