Manadak

Erabiltzailearen aurpegia

"Twitterren #yonotecreo deritzon traola zabaldu da, irakurtzeko gonbita egiten dizuet. Goragalea eragin didaten artikuluak ere irakurri ditut."

Ezin dut politikoki ez-zuzena adiera horrekin euren zerrikeria mentala justifikatzen dutenekin. Manadaren ebazpena atera zenetik, apirilaren 26tik, zerbait mugitu da gu guztion barruan, batzuentzat alde batera, besteentzat bestera.

Sententziak frogatutzat jotzen dituen egitateetan esaten du bost gizonak euren nagusitasunaz baliatu zirela neska portalean sartu eta nahi izan zituzten sexu gehiegikeria guztiak egiteko, indarkeria eta beldurtarazpenik gabe. Ondorioz, abusua omen da, eta ez agresioa edo erasoa. Eta honek sortu du zalaparta. Boto partikularrari buruz ez dut komentariorik egingo.

Bortxatzaileek nahita sortutako nagusitasun egoera horren ondorioz biktimak amen egin beste irtenbiderik ez badu, gutxienez intimidazioa badagoela ulertzen dugu askok. Sexu askatasunaren aurkako delituetan zigor kodeak erreforma behar duela ere aldarrikatu dugu, onespen falta hori gertatzeko egoeren artean ez dugulako desberdintasunik ikusten. Ezetz bada, ezetz da, ez dago besterik.

Ba honi lotuta, kaleak hartu dituen protesta horien kontra sekulakoak irakurri ditut.

Twitterren #yonotecreo deritzon traola egon da, irakurtzeko gonbita egiten dizuet. Goragalea eragin didaten artikuluak ere irakurri ditut.

Komentario ia gehienak logika berean laburbildu daitezke: kalera atera den jendeak juzgurik ez duela, haien morala besteek ezarria dela unean uneko ideia nagusiak inposatuz, eta noski, eurak ausartak eta politikoki ez-zuzenak direla masa horrek xurgatu ez dituelako.

Ba batzuen eta besteen egoerak erabat kontrakoak direlakoan nago, euren ideia politikoki ez-zuzen horiek sistemak berak aplikatzen dituenak baitira. Espainiar estatuan emakume batek bortxatua izan dela salatzen du 7 ordutik behin eta apirilaren 26tik Manadaren antzeko beste bi sententzia eman dira ezagutzera medioetan (abusua, ez agresioa).

Batzuk errealitate horien kontra altxa eta egoera aldatu nahi dugu, horrek ez dauka zuzentasun politikotik ezer. Politikoki ez zuzentzat deklaratzen diren horien atzean, aldiz, badago ideia nagusi bat, eta ez da ausardia hain justu: gizarteak ematen dizkien pribilegioak mantentzea baizik.

Nik garbi daukat zein den nire manada.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!