Euskararen olatuan irristaka

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko abe. 4a, 22:31
Abenduaren 3an, Euskararen eguna. Arratsaldeko 3ak laurden gutxi eta ikasleak bideo-gelako ate ondoan dagoeneko zain. Gustura daude, ohiko ikasgaiak ordubetez utzi eta Mikel Agoterekin surfaz arituko direla ondotxo baitakite. Mikel olatu handiak hartzeko ohol luzea tente mantentzeko saiakeran dabil, irakasle batek proiektorea piztu eta pertsianak jaisten dituen bitartean.

Agote Zaragueta eskolan“Ohol hori zozketatzeko al da?” galdetu du bederatzi urteko neska koxkor batek, ikasleen barre algaren artean Mikelek hitza hartu eta gaztetan itsasoan izandako esperientziez hizketan hasi denean. Berehala, etxera ekarri du surfeko imajinarioa, gure kostaldera, Euskal Herriko surflari eta olatuetara, Getaria zein Mundakako ur-hautsietara... Playa Gris bezala ezagutzen denak, bazuen lehenagotik izen euskaldun eder bat, Planeixa. Zergatik erabili beraz, erdarazko izen itsusi hori?

Euskal Herriak surfeko mundu gazian geroz eta presentzia handiagoa du, mundu mailan puntan dabiltzan surflariak izateaz gain, hemengo industria ere geroz  eta indartsuagoa baita; oholak egiten hamarkadak daramatzan Pukas etxeak nazioartean mugitzen ditu bere produktuak, eta Aizarnazabalen egin berri duten Wavegarden olatu artifizialak ere atzerrira begirako proiekzioa du.

Euskarak olatu artean duen presentzia, ordea, ez da Euskal surfak duen sasoi horrekin batera indartu. Ikasleen artean geroz eta surflari gehiago dagoela ikusita, gabezia horren kontzientzia pizteko asmoz antolatu dute Zaraguetakoek Mikelen hitzaldia.

Txikitatik uretan, itsas-parteak begiratzerakoan, surferako leku zein materialaz hitz egitean... euskaraz egiteak duen garrantzia azpimarratu die Agotek gaztetxoei “zuek baitzarete etorkizunean etxean zein munduan barrena olatuak hartzen ibiliko diren surflariak.”

Txikota, olatu gandorra, ohola, olatu aldia, tutua, ur-hautsia... bezalako hitzak erabiltzea trakets egin zaigunok, badugu ondorengoei altxor txiki horiek erakutsi, erakargarri egin eta ingeles zein gaztelerakoak bezain baleko direla erakusteko ardura. Ezean, ezin kexatuko gara ilobak surf egitera eramatea  serie edo inbentoa bezalako hitz inportatuak erabiliz eskatzen badigu.

Hitz horien transmisioak adina garrantzia du, bestalde, haurrei erakusten dizkiegun erreferenteak euskaldunak izatea, bertakoak. Hartara, haurrek txikitatik lotuko dituzte euskararekin beren kirol-ereduak: Europako olatu handienetan ibiltzeagatik ezagun egin diren herritarrak.

Ingelesez edo gazteleraz mintzo diren puntako surflarien bideo, erreportaje edo elkarrizketak eskura ditugu nonahi. Euskaraz mintzo direnenak, aldiz, lapernak bezala, ezkutuan eta freskatuko dituzten olatu zipriztinen zain.

Goazen ba, lanpernatara!

Iñigo Gaiton

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!