Su txikiak pizten

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko urr. 26a, 09:19
Euskaraz bizi nahi duenak egunero du aukera su txikiren bat pizteko eta, horrela, besteen erabilera aktibatzeko.

Horren adibide batzuk bildu dituzte 'Euskaratik aktibismora' blogean:

http://euskaratikaktibismora.wordpress.com/2013/10/22/sua-piztu/

Beste adibide bat aipatu nahi dut gaur hemen. Iaz eskari bat egin genion Euskotreni (aurrena, neronek, Twitter bidez; eta, ondoren, Udalak, modu ofizialean), Orioko geltokian dauden txartelak saltzeko makinak gaztelaniaz zeudela-eta (makinak aukera ematen zuen, euskaraz erabiltzeko; baina lehenbiziko hizkuntza, beti, gaztelania zen). Euskotrenekoei esan genien egokiagoa zela makina horiek euskara lehenestea eta, gero, aukera ematea beste hizkuntza batzuetan ere erabiltzeko, hala nahi zutenentzat. Gure eskariari ez zioten erantzun; baina aste honetan ikusi dut aldaketa egin dutela eta orain euskaraz hartzen gaituela makinak. Aldaketa, gainera, ez dute Orion bakarrik egin eta Donostiako geltokiko makinek ere euskara lehenesten dute orain.

Beharbada, aldaketa ez dute egin guk eskatu genuelako; baizik-eta orain horrela tokatzen dela pentsatu dutelako. Arrazoia bat izan ala bestea, poztekoa da, zalantzarik gabe.

Adibide gisa ekarri nahi izan dut hona, eta horrelako su txikiak pizteko gonbita egin nahi diet Orioko 'aktibistei', askotan uste dugun baino errazago baita eragitea. Bakoitzak aukeratu dezala non piztu su txiki hori (arbelean menua beti gaztelaniaz jartzen duen tabernan, ikastola aurreko parkean, eskailerako bileran, koadrilako afarian…) eta, ondoren, konta dezala hemen bere esperientzia!

Jabier Zabaleta

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!