Kontzientziazioa dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko abu. 12a, 17:58
Euskara (gehiago) erabiltzearen aldeko kontzientzia sortu nahi badugu, ezinbestekoa da diskurtso egituratu eta erraza sortzea eta zabaltzea.

Distantziak ematen duen perspektibatik, eta oporren patxaratik, buruan dabilzkidan hiru bat idea zabaldu nahiko nituzke euskararen, edo hobeto esanda, kontzientziazioaren inguruan.

Askotan aipatu da blog honetan kontzientzia hitza. Euskaldunok, euskararen egoera diglosikoa dela eta, hiztun kontzienteak izatera kondenatuta omen gaude, aktibistak behar omen ditu euskarak, batez ere euskararen arnasguneak ez diren lekuetan, erdera nagusi den guneetan alegia. Zalantza gutxi zentzu horretan.

Hala eta guztiz ere, jendearen kontzientziazioaren inguruan, zenbait gauza esan behar direla iruditzen zait,

1.- Edozein gai sozialetan, pentsamendu eta ohitura aldaketak eskatzen dituen edozein gaitan kontzienziazioak bere mugak dituela uste dut. Hitz gutxitan esanda, korronte edo inertzien kontra propio jarduten duen jendea ia beti gutxiengo da, gustatu edo ez. Jar dezadan adibide parea:

- Zenbatek berziklatzen dute, edo zuten, borondatez, kontzientziaz?

- Zenbatek parte hartu dute, edo zuten, Hondarribiako edo Irungo alarde mistoetan?

2.- Hori kasu gehienetan horrela dela onartuta, zer egin daiteke jendearen mentalitatea aldatzeko euskararen erabileraren inguruan?

Nik uste dut zalantzarik sortuko ez duen diskurtso bat osatu behar dela lehendabizi, gehiengoa komentzitzen joateko. Ba al dugu zabaldua dagoen bilinguismoaren arrazoiketari (bietara egin beharko da, erdaldunek ulertzeko eta abar) aurre egingo digun diskurtso sinplerik? Alegia, soziolinguistika eta hegemonia hitzak aipatu gabe euskara hutsean egin beharra esplikatuko duen diskurtsorik? Horratx nire kezkaketako bat: nik behinik behin ez nuke jakingo nola esplikatu kuadrilakoen bazkari batean, zergatik den oso inportantea euskaraz bakarrik egitea gure herrian.

Diskurtsoa eraikita, lan pedagogikoa egitea errazagoa litzatekeela iruditzen zait. Aktibistok diskurtso bera erabiliko bagenu, argudio berak eta modu berean erabiliz, ingurukoak errazago sentsibilizatuko genituzkeela egingo nuke apustu.

Laburbilduz, aktibistok osatzen dugun minoriak, minoria izango dela onartuta, maioriarako bokazioa eta diskurtso eratu bat gehitu behar dio, ezinbestez.

3.- Behin aktibista kontzientziadun minoria eta aldaketarako prestu dagoen gehiengoa izanda, ez dago politika zehatzak aplikatu besterik, inongo erreparorik gabe, konfrontaziorako beldurrik gabe (Aldundia ari den bezala, esaterako) Eta orain Udalaz ari naiz, eta erakunde publikoez orokorrean. Inork trabarik jarri al zuen Donostiako Udalak soziedadeak danborrada nagusian emakumeen parte hartzea bermatzera behartu zituenean? Zenbat soziedadek onartu zuten aldaketa genero berdintasunaren kontzientziadunak zirelako?

Bueno, horiek nire etxaferoak, ea zerbait pizten duten zuen ikusmiran.

Nik, oporren ostean, kontzientziazio lanak egiteko soziolinguistika eta hegemonia hitzak aipatuko ez lituzkeen dekalogo bat eskertuko nuke, eta hainbat egoera linguistikoki konfusoetan nola jokatu beharko genukeen azalduko lukeen protokoloa. E, Torrotxo? Jabier?

Bitartean, ondo-ondo segi, eta ez gehiegi estresatu, linguistikoki behintzat!

Rikardo Uzkudun
Irakaslea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!