Alaitasuna kutsatzen

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko uzt. 2a, 14:26
Bizitzan iristen da garai bat, edozein konturi buruz hizketan hasi eta konturatzen zarena den-dena orain dela hogeita bost urte gertatu zela: ikasketak, parrandak, ez dakit nora egindako bidaiak, maitasunezko harremanak, aurreneko lanak… Horixe ari zait gertatzen niri azken aldian, gero eta sarriago. 'El abuelo Cebolletas' sentitzen naizela esango nizueke; baina, seguruena, horren aipamena egiten badut, zertaz demontre ari naizen arrastorik ere ez duzue izango gehienek eta bego, beraz, horretan.

Orain dela hogeita bost urte, esate baterako, urtero joaten nintzen sanferminetara; ikasleen opor luzeak nituen eta, Iruñean familia dudanez, ez nituen barkatzen uztaileko festak. Garai hartan, jairik jai genbiltzala, aukera izan nuen Iruñerriko euskaltzale batzuekin harremanetan jartzeko eta gogoan dut nola miresten nuen haien kemena eta umorea. Bai festatan eta bai festaz kanpo, lanez lepo ibiltzen ziren beti, euskararen alorrean asko baitzegoen egiteko orduan ere; baina bazeukaten ezaugarri bat, harrezkero nire gogamenean nafartasunarekin betiko lotuta geratu dena: erraz eta erruz egiten zuten barre, eta kutsakorra zen haien alaitasuna. Igual manifestazioan egingo zenuen topo haiekin (Vascuencearen legearen kontra egiten, konparazio batera, hori ere orain dela 25 urte inguru onartu zen-eta); baina kantari ikusiko zenituen, umorea etengabe zabaltzen. Euskal Herri euskaldunaren bihotzetik nentorren ni, baina inbidia nien Iruñeko euskaltzaleei, haien bizipoz kriskitinari.

Harrezkero, euri dezente egin du eta, azken urteotan, pixka bat apartetik bizi izan ditut Iruñeko euskaltzaleen bozkario zein kalamidadeak. Barcinaren urteetan-eta erremediorik ez duen anaia koitaduari bezala erreparatu izan diet zuen ibilerei. Interesez, beti; baina urrutiramendu halako batez ere bai, sarri.

Iaz, ordea, aspaldiko partez, aukera izan nuen sanferminetara ostera etortzeko, eta, lehengusinak gonbidatuta, parte hartu nuen Karrikirik antolatutako atun janeko festan, Iruñeko eta inguruetako euskaltzalez inguratuta. Egun ederra pasa genuen. Hogeita bost urte atzera egitea bezala izan zen niretzat eta pozik itzuli nintzen etxera, Iruñeko euskaltzaleen garrak piztuta segitzen duela ikusita. Zaildutako euskaldun koadrila ikusi nuen han, larre motzean hazitako haziendaren kastakoa, gogoz ekinean eta irribarrea beti ahoan. Garai bateko tankeran, gaur egungo euskaltzale nafarrek ere pozez uztartzen dituzte euskararen aldeko lan militantea eta jaia, eta alaitasuna kutsatzen segitzen dute orduan bezalaxe.

Probintziakoak, badakizue, barregarri samarrak gara askotan eta serio arraio aritzen gara lanean, gipuzkoar jaiotzearen zama zeremonia handiz daramagula; barren-barrenean, joera dugu pentsatzeko gurean jokatzen dela, batez ere, euskararen partida eta, seriotasun plantak eginez, patuak gure bizkar jarri duen karga hori onartu eta nafarrak leziatzeko asmoz etortzen gara maiz, misiolariak indigena artera bezala. Nik, ordea, zeremoniak utzita, misiolariaren abitu beltza erantzi eta zuen arteko indigena izan nahi dut berriro, orain dela 25 urte bezala, eta zuekin batera ozen abestu, Iruñeko alde zaharrean, euskaldun izatearen poza.

Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko euskara teknikaria
Karrikiri elkartearen berripapererako idatzi eta blogerako berreskuratutako testua

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!