'Deserosoa zait besteek nigatik gaztelaniaz egitea'

Ekainaren 7ko Karkara aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Guillermo De la calle De la calle, Orioko euskaltegiko euskara-ikaslea

Salamancan jaioa, txikitatik Cadizen Puerto de Santa Maria bizi dena eta haurtzaroa han pasatutakoa.

Maitasunak ekarri nau Oriora. Eneritz Madrilen ezagutu nuen eta gero Oriora etortzen hasi nintzen bera eta bere familia bisitatzera eta zazpi urtez Madrilen egon ondoren biok argi geneukan ez genuela han bizi izaten bukatu nahi. Cadizera joan edo hona etortzea zzen gure asmoa eta biak ditugu gustuko eta  Eneritzek familia hemen izanik abuztuan etorri ginen hona gelditzeko. Zazpi urte, beraz, Oriora etortzen hasi nintzela baina zazpi hilabete hemen bizi naizenetik.

Etorri eta berehala euskara ikasten hasi zinen.

Logikoa iruditu zitzaidan.  Oriora etorri naizen urte hauetan euskara inguruan izan dut, baina hona bizi izatera etorri eta euskara ikasteko deia sentitu nuen, pixka bat gehiago egin eta euskararen bidean pauso batzuk aurrera emateko beharra eta nahia.

Euskara jakin behar dela uste duzu?

Elkarrizketak euskaldunen artean direnean euskara berehala ateratzen da eta ni nagoelako gaztelaniara pasatze horrek deseroso sentiarazten nau egoerak behartuak direlako. Beraz, nik ahal izango banu hobe litzateke. Zazpi urte hauetan belarriak zabaltzen saiatu naiz lagun eta familia arteko elkarrizketetan, beraz, belarria ohitua nuen. Baina euskara ikasten hasi banaiz gramatika ikasteko eta euskaraz hitz egitera ausartzeko segurtasuna hartzeko da. Landu gabe hizkuntza bat hitz egitea aholkatzen duten arren, nik ez nuen besterik gabe hasi nahi esaten ari nintzena kontrolatu gabe, eta orain pixkanaka hasi naiz: erosketak egiterakoan, tabernetan, lagun artean ere hasi naiz… hanka sartu arren nahikoa konfiantza badago eta. Ulertu dena ez dut ulertzen, baina gehiena bai eta batzutan jendea harritu egiten da aurrera egiten ari naizelako, baina nik argi dut ez dela 100 metroko lasterketa  maratoia baizik.

Euskara eskoletan zer moduz?

Astean zortzi ordu dira eskoletan. Oinarrizko gauzekin hasi gara: aditzekin, nire ustez  konplexuena dena; deklinabideak… Bost lagun gaude: bi madrildar, zarauztar bat ulertu arren euskaraz hitz egitera sekula ausartu ez dena, kanariar bat eta ni neu. Hasieran gogor xamarra zen baina aukera badago aprobetxatu behar da. Gaztelania gehiago erabiltzen genuen hasieran, baina irakasleari esan izan diot berak guri euskaraz hitz egiteko eta saiatuko garela ulertzen eta ezin badugu gaztelaniaz erantzungo dugula, baina pixkanaka guk ere gero eta gehiago hitz egiten dugu euskaraz.  

Orion euskara jakin ez arren moldatuko zinateke?

Bai, denek laguntzen dute, baina hemengo giroa euskalduna izanik ez da logikoa batek ez dakielako gainontzekoek gaztelaniaz hitz egin beharra.  Etorkizunean ere hemen bizi nahi badut ikasi behar dudala iruditzen zait eta ahalegina egin beahr dut. Hala ere, euskara ez da hizkuntza erraza eta urte batzuk behar dira maila hartzeko. Eskoletan, gainera, euskara batua edo jasoa ikasten dugu eta herrian hitz egiten denarekin konparatzen badugu zailagoa dela ere esan genezake, naturaletik aldentzen baita. Beraz, ahalegin bikoitza egin behar dugu.

Hizkuntzarekin pixkanaka ari zara, baina gainontzean Orion ongi moldatzen al zara?

Bai, urte batzuk badira Oriora etortzen hasi nintzela eta ezagutzen dut jendea, ingurua... gainera, bikotea hemengoa izateak ere herrian sartzea erraztu dit. Giroa beti izan da polita eta abegitsua. Gainera, orain, kiroldegian hasi naiz paddle eskolak ematen eta horrek ere jende berria ezagutzeko aukera ematen dit. Paddle eskoletan hainbat argibide eta hitz gutxi batzuk esan ditzaket euskaraz baina nahi nuke ahalik eta denborarik gutxienean oinarrizko gauzak ikastea eta hilabete honetan ikasten saiatuko naiz. Gainera, euskara irakaslea paddle eskoletan nire ikaslea da eta elkarri lagundu beharko diogu.

Orion jarraitzeko asmoa al duzu?

Ahal dugun bitartean bai, baina lan arloak agintzen du eta lanean hemen ari garen bitartean Orion jarraituko dugu. Beharbada Cadizen falta sumatuko dut hango eguraldiagatik batik bat, baina gainontzean gustura nago. Euskara ikasten ere jarraituko dut, ikasturte honetan aritu banaiz hurrengoan ere saiatuko naiz, ez dut utzi behar. Gertuan izanik ere errazagoa da, liburuetatik ikasteaz gain.

Zenbat eta goizago hizkuntza bat ikasten hasi errazagoa da eta ni adinean aurrera noanez zailagoa da. Elebidunak diren herrietan, gainera, neska-mutilentzat errazagoa da hirugarren hizkuntza ikastea eta lanerako ere abantaila da zenbat eta hizkuntza gehiago jakitea. Espainian hizkuntza bakarrarekin egin du aurrera eta gero ohartzen da jendea kanpora lanera joandakoan beste herrialdeetan ez ddutela horrela funtzionatzen.

Paddle eskoletan hitz gutxi batzuk esan ditzaket euskaraz, baina nahi nuke ahalik eta denborarik gutxienean oinarrizko gauzak ikastea argibideak euskaraz emateko.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!