Euskararen erabilera jaitsi egin da Orion

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko eka. 3a, 13:49
Hori erakusten du azken neurketak

Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak bi urtetik behin egiten du euskararen erabileraren neurketa kalean eta aurtengoak ondorio garbi hau utzi du: euskararen erabilera jaitsi egin da, batez ere helduen artean.

Euskara Zerbitzuak ia hogeita bost urte daramatza euskararen erabilera neurtzen herriko kaleetan. Hasieran, urtero egiten zen neurketa eta azken hamabost urteotan, berriz, bi urtez behin. Neurketa beti maiatzean egiten da, garai eta ordu berdinetan, datuak elkarren artean konparagarriak izateko.

Neurketa egiterakoan, kalean dabilen jende guztiaren jarduna apuntatzen da: zein ari den euskaraz, zein gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean, emakumezkoak ala gizonezkoak diren, zein adin-taldetan sailkatzen diren eta abar.

AURTENGO NEURKETA

Erabileraren aurtengo neurketa maiatzaren 15etik 19ra egin zen eta herriko bi gazte ibili ziren lan horretan. Guztira, 3.997 herritarren hizkuntz jarduna neurtu zuten asteazkenetik igandera bitartean, bizitza sozialeko hainbat jardueratan: erosketak egiten, paseatzen, txikiteoan...

Lagina edo muestra hain zabala denez, emaitzak fidagarritasun handikoak dira, errore-marjina txiki batekin.

EMAITZAK

Emaitza nagusiak hauek izan dira: Orioko kaleetan dabiltzan haurren % 88,50ek egiten du euskaraz; gazteen artean ere erabilera-maila berdina da: % 88,55ekoa; helduek % 55,87 egiten dute euskaraz eta zaharrek, azkenik, % 69,59.

Guztira, adin-talde denak kontuan hartuta, euskararen erabilera-maila % 66,37koa da. Orain dela bi urte baino 7 puntu gutxiago.

null

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!