Arrauna, euskara eta komunikabideak

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko mai. 24a, 14:24
Egin behar dudan hitzaldiari begira, esango dut oriotarra naizela, familia euskaldunekoa, kalekoa, kalekumea naiz ni. Orio arrantzale herria izan da batez ere, baina badu baserritar kutsua ere. Aita Ortzaika auzoan jaioa da, Oria ibaiaren ondoan dagoen baserritar auzokoa. Ortzaika arraunarekin lotura handia duen auzoa da eta, batez ere, nekazari kutsua du. Ama kaletarra zen, Orion jaioa, baina amaren aldetik aitona-amonak goierritarrak ziren: gure aitona lazkaotarra eta amona ataundarra. Beraz, euskara etxean jasoa dut. Euskal hizkuntzarekiko aparteko kontzientzia berezirik edo militantziarik ez zuen familian. Etxean euskaraz egiten zen, eta kitto. Orioko euskalkian hitz egiten genuen eta hitz egiten da etxean, eta aipatu nahi nuke gure amaren hizketarako jarioa eta dotorezia. Asko hitz egiten zuelako akaso, amak euskara paregabea, polita zuen. Baina kontua da gaztelaniaz egin behar izaten zuenean ere, dotore hitz egiten zuen, erraztasun handiz. Eta esango dut zergatik. Amaren bi ahizpa eta anaia bat ezkondu ziren euskaraz ez zekiten hiru osaba-izebekin, eta amaren aldeko familian gaztelaniara aldatzeko joera izan da. Izaten da ba batzuetan, beste lurraldetatik etorriei zaien ondo geratu eta gauzak erraztu nahi hori. Gainera, dakigun moduan, gerra ondorengo garaian elitearen hizkuntza prestijioduna gaztelania zen eta euskaldun askok aldatzen zuen gaztelaniara hizkuntza hau unibertsalagoa, modernoagoa edo urbanoagoa zelakoan. Gure amari inoiz entzun nion honakoa: lau ahizpa ziren eta neska koskorrak zirela Donostiara trenez joaten zirenean egun pasa, Donostiako geltokira heldu bezain laster hasten omen ziren gaztelaniaz hitz egiten, euskaraz hitz egitea, baserritar, arrantzale eta “aldeano”-en kontua zelakoan.

Gure aitak, berriz, kanta, abesti eta bertso pila zekien eta asko kantatzen zuen; niri asko erakutsi zizkidan. Ortzaikan asko kantatzen zen aitaren-eta garaian. Baita bertsoak ere! Orion bertsotarako afizio handia egon da San Martin bailaran. Inguruko bertsolari asko eta asko Ortzaikan biltzen ziren eta horietako bat gure aitona zen. Bertso ugari botatakoa, gizon alaia gure aitona! Bertsoak bai, baina hark berdin abestuko zituen gaztelaniazko koplak, pasodobleak edo Juanito Valderramarenak. Beraz, aitarengatik eta aitonarengatik datorkit niri kanturako afizioa eta horregatik dakizkit hainbeste kantu zahar. Aipatu dezadan, gure aitona zenak estropadetako bertso paper mordoa zituela etxean jasoak, eta irakurri gabe noiznahi abesten zituela edozein bazkalondo edo afalondotan: Getariarrei jarriak, Donostian gertatutako eta abar. Jesus!!! Haiek guztiak kantari hasiz gero!!

Esan bezala, euskara etxean jaso nuen, natural. Eskolan D ereduan matrikulatu ninduten gurasoek, Zarautzen. Gu izango ginen D ereduan alfabetatutako ez lehen belaunaldia, baina bai aurrenetakoa. Zarauzko La Sallera eraman ninduten gurasoek eta han euskara batua jaso nuen. Kontua da 80ko hamarkadako Zarauzko La Salle hartan gaztelera asko egiten zela. Orion ere, gaztelerarako joera izan da, nik uste dut batez ere 1962 eta 1974 bitartean jaiotakoen artean. Normala den bezala, guk joera hori ere jaso dugu. Orduan hala zen Gipuzkoako hainbat herritan: Tolosan edo Zarautzen adibidez. Nik, artean, Orion herriko jendearekin gehiena euskaraz egiten nuen, baina gazteleraz ere bai. Orioko ikastolara joaten ziren lagunekin, haiekin bai, haiekin beti euskaraz. Baina esan bezala, gaztelera ere oso eskura izan dut: familian osabekin, La Sallen, eta azkenik, txiki txikitatik erakarri ninduten komunikabideak irakurri eta entzutean.

ARRAUNERA

11 urte nituela arraunean hasi nintzen Orion, 1989an. Ikaragarri erakarri ninduen arraunak eta arraun inguruko giroak, eta hantxe jarraitu nuen  20 urte luzez. Arraun Elkartera inguratu eta bi urtera, Orioko arraunean eta herri guztian eragin handia izan zuen kontua gertatu zen: 1990eko udazkenean Jose Luis Korta, orain fama handia duen gizona, Oriora etorri zen entrenatzaile modura. Hark arraun elkartea eta herria dantzan jarri zuen. Orioren azken urteak estropadetan txarrak izan ziren, emaitza kaxkarrak lortu zituen traineruak. Gizon hura etorri eta herriko arraun giroa guztiz irauli zuen. Hark sartu zigun hezurretaraino lehendik barneratzen hasitako arraunerako pozoia, harra. Lehendik ere bazen Orion arraun giro berezia, ez makala gainera! Arraunean eta estropadetan tradizio handia izan du betidanik Orion. Nik uste dut Kortak lozorroan zegoen erraldoia esnatu eta dena berriro martxan jarri zuela. Esaterako, Orioko traineruak 1992an Kontxako bandera irabazi zuen.

Ni mutil kozkorra nintzen orduan eta Korta etorri baino lehen ere arraunzaletua nengoen, baina hura etorri zenean halako indarrarekin, txoratu egin nintzen. Mutil koadrila osoak liluratu zituen gizon hark. Estropada non, mutil kozkorrok han izaten ginen;beste konturik ez genuen guk. "Arraunlari izan behar diat eta Kontxako bandera irabazi behar diat" esaten nuen orduan, nire artean. Egia esan, lehenagotik ere banuen gogo hori. 5, 6, 7 urteko mukitsua nintzela,  Altxerri zaharra eta bandera handiarekin sartzen zirenean herriko plazara, herri guztia zain izaten zen eta giro hori beti bizi izan dut. Korta etorri aurretik ere gogoan dut, nola joaten ginen aitarekin eta haren lagun koadrilarekin Donostiara, Zarautzera, Getariara,  Portugaletera  eta leku askotara traineruaren atzetik.

HIZKUNTZA BASATIA

Kortak sorgindu egin gintuen orduan, baina bai niri bai koadrilako lagunei, gizon haren beste dohain batek ikaragarri harritu gintuen: haren hitz egiteko modua, haren abilidadea eta erraztasuna mingaina dantzan jartzen zuenean. Traineruan entrenamenduetan isildu gabe joaten zen, bai euskaraz bai gaztelaniaz hitz eginez. Modu paraleloan, zazpi elkarrizketa batera eramateko gauza zen traineruan gindoazen beste hainbeste estropalarirekin. Baina ez berak bakarrik. Orduan bere laguntzaile modura bere osaba ibiltzen zuen, Bixentiko ezizenez ezagutzen genuen arraunlari ohi, trainerugile eta hiztun aparta; Ortzaikakoa hura ere. Haien jarduna harrigarria zen, euskarazko jerga zela esango nuke. Hizkuntza jolasa zen haientzat, hizkuntzarekiko aparteko kontzientziazio gabeko hizketarako berezko kapazitatea! Korta gizon ezaguna eta entzutetsua egin da azkenaldian, baina niri galdetuz gero, zertan da ona Korta?, erantzungo nuke " arraunlari eta entrenatzaile bikaina da,bai, ez dago zalantzarik, baina harrigarria hizketan da, hiztuna da ona, hiztun aparta".

Garai hartan, endemas, inguruetako baserritar piloa etorri zen Oriora, eta haien euskara, etxean jasoa eta nekazal girokoa, harrigarria zen gu bezalako kalekumeentzat. Erabateko deskubrimendua izan zen niretzat hitz egiteko modu hura, elkarrizketa bizi haiek, kalekumeok salduta geratzen ginen solas haiek. Nik hamalau urte nituen orduan eta segituan konturatzen nintzen han zerbait gertatzen zela, linguistikoki zerbait handia. Jar ditzadan, giro hartan,  traineruan arraunean gindoazelarik entzundako esaldiak adibide gisa:

- Jesukristok gurutzen baño aurpegi txarragoa dakak!.

- Nahiago nikek barrabiletako zainak lehertuko balitzaizkik!.

- Martxa honetan putetxen bukatu dek, palankanero!

- Garlopan pasako haut, ea izter horiek mehetzen ditudan!

- Biribirjinarekin tripak aterako dizkiat!

- A ze petxuhezurrekoa emango diatena!

- Atzea, atzea, atzea buru haundi horiek!

- Zapuak baño gehio jango huan!

- Bi umealdi galdu dizkiat gaurko estropan!

- Korrokoiaren olatuarekin ere balantza egiten diagu!

-Ia motel! Abante egiten ez badek ere, ziarik ez egin!

Hitzetik hortzera horrelakoak. Donostiako La Sallen  nenbilen ni orduan eta han orduan gure artean zabalduta zegoen ustearen arabera, euskaraz ez zegoen maldiziorik edo biraorik. Arraunean genbiltzala, entzuten genituen ba galantak, eguna joan eta eguna etorri:

-Eriya, buruhaundiya, artagaya, putakumia (hau gehien), hankamehea, hankamotza, besamotza, eukalitua, arto txokorra, zimaurra, paketeko oilaskoa, kondoya, zapua, gaxua, elbarriya, hontza, barrabil zorrua, arbiya,  putitxeko madrea,putixeko  maixtra eta putitxeko palankanerua…

Denentzako bazegoen han. Gainera giro nahiko basatia edo salbajea zen, batere diplomatikoa, jerarkikoa, lurrari, abeltzaintzari, nekazaritzari, ehizari eta errioari lotutakoa. Baita itsasoari ere neurri batean. Bilketa lanean jarraituko bagenu, ziur nago osatuko genukeela zerrenda hau eta sorta bikaina bildu. Pentsa, beraz, Oriotik Donostiara joan ikastera eta han esaten zidatenean euskaraz ez zegoela maldiziorik zer aurpegi jartzen nuen nik.

Arraun elkartean, artean, gehienak euskaldunak ginen, baina euskaraz ez zekienik ere bazen. Euskaldunen artean, guzti guztia ez, baina nagusiki euskaraz egiten genuen. Kortak ere bai, euskaldunei euskaraz egiten zien baina ez zekienari lasai ederrean egingo zion gaztelaniaz, euskaraz bezain bizi gainera. Patroi zihoanean eta guztiei zuzentzerakoan beti euskaraz egiten zuen, baina hizkuntza aldatzerakoan erabateko naturaltasunez jokatzen zuen. Bixentikok ere, berdin.

Hango giroa deskribatzeko adjektibo bat aukeratu beharko banu ‘salbajea’ hautatuko nuke, eta giro ‘salbaje’ hartan egiten zen hizkuntza euskal ‘jerga’ bezala definituko nuke. Garai bateko, antigual erako euskararen adar bat dela uste dut han erabiltzen zen hitz egiteko modua. Konparazioak, irudiak, metaforak, joskerak, ateraldiak noiznahi eta nonahi erabiltzen ziren. Hizkuntzaren erabilpenarekin jolas egiten zen, eta giro hartan, euskaraz primeran moldatzen zena ere askotan jokoz kanpo geratzen zen, elkarrizketan galduta. Azkar joko zioten adarra orduan, lo zegoenari.

Terminologia aldetik ere, kalekume batek eguneroko jardunean erabiltzen ez zuen hitz zerrenda ere luzea da. Horra zenbait adibide, berez traineruari edo arraun jardunari loturikoak:

- Tosta, karela, braera, palka, lakaina,toleta, estrapua, azaburua, trinka, lantza, hankekua, aurrekalaria, mastosta, taborta, kainabera, espadlekua, brankaz aritu, poparean etorri, tosta laguna, tostartean…

Itsasoari edo itsasoaren egoerari loturiko terminologia:

- Katxoia, behaxoia, trapaila, itsaso berdea, haize berdea, herriko haizea, kalma txuri txuria, itsaso handia, ur mehea, baga zikina, baga garbia, zulua, branka olatua, zerrazoia, ur gaina, arkumea, mendebala, iparra, nortia, frantziparra, hegoa, errexola..

Kuriositate modura aipa dezadan orduko traineru eta batelak egurrezkoak zirela, eta aroztegi eta ontziolei loturiko terminologia ere hitzetik hortzera generabilela:

-  Trintxa, puntapaxa, bihurria, kixkurra, biribirkina, oteintxa, txardangoa, burdin zerra, sarjentua.

Neuk ezagutzen ez nituen beste arloetako hitzak eta hizkerak hantxe jaso nituen: kaletik, ikasgelatik, liburuetatik eta euskara batutik bereizten ziren baserri, errio, aroztegi eta itsas giroko euskarak, hizkuntzarekiko aparteko kontzientziarik ez zeukan jendearengandik, traineru baten barruan arraun eginez banderak irabazi nahi zituen estropalarien ahotik.

EUSKARAREN KONTZIENTZIA ETA HIZKUNTZA EGOERAK TRAINERU BARRUAN

Euskararekiko kontzientzia edo gogoa 17 bat urterekin hartu nuen nik. 14 urte nituela Donostiako La Sallera joan nintzen ikastera eta han guztiz bestelako giroa zegoen: erdaldun asko –donostiarrak eta etorkinen seme-alabak – eta euskara etxetik genekarkien gutxi batzuk. Urte haietan piztu zitzaidan niri euskararen aldeko nolabaiteko kontzientzia bat. Besteak beste, Orion gazteleraz egiten nienei euskaraz egiten hasi nintzaien. Euskarazko klasikoak irakurtzen eta entzuten ere orduantxe hasi nintzen. Hain justu ere, goran deskribatu dudan arrauneko giro hartan, arrauneko giro linguistiko hartan erabat murgilduta nengoenean.

Kontua da, aipatu dudan euskararekiko gogo hori piztu zitzaidanetik, niretzat beti izan dela hizkuntza eta hizkera mailan erreferentzia bat goran deskribatu dudan arrauneko hizkuntza komunitate hori. Idatzi nituen lehenengo idazlanetatik, geroago egunkari eta prentsan, irratian zein telebistan, euskara modu oso naturalean erabiltzen genuen komunitate hura izan da nire hizkuntza iturri nagusia. Are gehiago, euskara eta gaztelania nahitaez eta noiznahi elkarren ondoan bizitzera dauden gaur eguneko egoeratan ere, arraun komunitate hura izaten dut itsas argi bi hizkuntzen elkar bizitzarako eredu moduan.

Puntu honetara helduta, nire 22 urteko arraun ibilbidean, Orion, Getarian, Santurtzin, Euskadiko Selekzioan eta Deustuko Unibertsitateko zortzikoan, arraun ontziaren barruan bizitako hiru egoera aipatu nahi nituzke.
Horra lehenengoa: tripulazio osoan arraunlari bakarra zen euskaraz ez zekiena, eta entrenamenduan ari ginen batean, entrenatzaileak patroia behartu egin zuen hizkuntza aldatzera patroiak euskaraz zeozer agindu zigulako –zer esango zigun ba, "atzera, mutillak" edo "bukatu hamarrekoa" edo horrelako gauzaren bat.- Entrenatzaileak deiadar egin zion patroiari: "En castellano! Aquí se habla en castellano". Gu, arraunlari gisa,  orduan obeditzen ohituta geunden, esandakoa betetzen genuen, ez genuen egiten ez galderarik ez ezer. Jarrera hura niretzat guztiz ulergaitza zen, baina han denok isil-isilik geratu ginen. Hau ekarri dut lerrotara adierazteko pertsona baten erabakiak, buru edo lider den batenak, zer eragin eduki dezakeen hizkuntza komunitate baten ahozko jardueran.

Hara bigarrena: beste aldera jota, bolada batean eduki genuen patroi bat euskaltzale amorratua zena. Harentzat ia garrantzitsuagoa zen traineruan euskaraz egitea, arraunen egoki jardun eta banderak irabaztea baino. Jo eta ke arraun egin behar zenean ere euskaraz ez zekitenei, ulertzen ez zutenei ere euskaraz egiten zien. "Hau zer da, euskaltegia edo trainerua?" pentsatzen zuen orduan batek baino gehiagok gure tostetan. Patroi harena gehiegizkoa zen inondik ere eta bere helburuaren justu kontrakoa lortzen zuen! Eta bere kontra beste gauza bat ere bazuen: izaeraz ez zen liderra, ez zuen arraunlariak liluratzeko ahalmenik, eta euskararen inguruan hartzen zuen jarrerak ere ez zion laguntzen ontzian errespetua jartzen. Nire ustez, ez zuen ondo neurtzen unea eta lekua.

Hirugarrena, azkenik: 2009an Santurtzira joan nintzen bertako traineruaren arduradun moduan. Artean kazetari moduan ere nire ibilbidetxoa egin nuen, eta oraindik euskararen militante ez dakit, baina hizkuntzaren egoeraren ardura eta kontzientzia banuen. Gainera, sasoi hartan, euskara normalizazio teknikari moduan nenbilen lanean, Arrasaten. Baina ez dezadan hari gal. Santurtzira joan nintzenean nirekin batera beste bi oriotar eta Itziarko arraunlari indartsu bat etorri ziren Sotera trainerura arraunera. Gipuzkera itxia egiten du  Itziarko arraunlari honek. Santurtzira heldu eta hauxe topatu nuen: arraun aldetik maila eskas samarra, eta hizkuntza aldetik oso gauza kuriosoa.  Gazte jendea ugari zegoen, guztiak D ereduan ikasitakoak, euskara batua ezagutzen zutenak, hitz egiteko gaitasun gutxi zeukatenak, baino euskaraz egiteko gogoarekin. Orduan gauza xelebrea gertatu zen, gu,  Oriotik eta Itziartik joandako lau gipuzkoarrok erreferentzia baikinen kirol mailan: bata entrenatzailea, beste bat prestatzaile fisikoa, bestea arraunlaririk onena. Kontua da nik traineruan ez dakitela esaten  "atrás" eta "atrás" eta "atrás";  baizik eta "atzera..., atzera...eta atzera.". Bada, traineru hartan entrenatzaileak eskatzen zuen guztia euskaraz eskatzen zien arraunlariei, eta patroia ere hartaraxe jarri zen eta beste guztiak ere bai. Niretzat ez zen gauzarik inportanteena han euskaraz egitea, baizik eta trainerua ahalik eta lasterren ibiltzea. Nire esanak uler zitzaten gaztelaniaz egin behar banuen, lasai egiten nuen, eta bestela euskaraz. Nahastuan. Gaztelaniaz egiten nion nik banekienari euskaraz tutik ez zekiela, besteei euskaraz.

Hauxe ekarri dut lerrotara iruditzen zaidalako adibide egokia azaltzeko talde bateko buruak, arduradunak edo liderrak nahi duenean –arraulanriek burutzat eta lidertzat hartzen badute behinik behin–, posible dela hizkuntza baten alde modu eraginkorrean jardutea. Eta tarteka, gertatzen dira gauza politak, esaterako, Santurtziko traineruan orduan gertatu zena.

EUSKARA, ARRAUNA, KOMUNIKABIDEAK

Euskaraz eta arraunaz jardun dut. Jorra ditzadan, labur, komunikabideen inguruan bizi izandakoek sortu dizkidaten gogoeta eta burutazioak.

Arrauna utzi eta  ETBtik hots egin zidaten arraun informazioan aritzeko. Lehenengo urtean, elkarrizketatzaile moduan jardun nuen zuzeneko emankizunetan. 2012n;  arraun aditu deiturikoaren paperean, kazetari narratzailearen alboan. Telebistan lanean hasi nintzenean nire kezka handiena zen honako hau: komunikabideetan jendaurrean hizketan aritu behar dutenek hizkuntza eta komunikazio maila oso handia izan behar dute nire ustez, eta maila hori emango ote nuen. Iruditzen zait jendaurreko zenbait postutan tokia eduki beharko luketela hiztun apartek bakarrik. Hiztun aparta diot, batuan edo euskalkietan, baina hiztun ona. Irratia eta telebista entzutean, beti estimatu izan ditut esatari bizkorrak eta hizkuntza mendean hartzen duten kazetariak: ondo, dotore, egoki, natural, suelto, hurbileko, aberats, argi hitz egiten duen profesional jendea eta, nire kezka handiena zen hori nola lortu.

Hizkuntzaren inguruko mila zalantza nituen mikrofonoaren aurrean jarri aurretik. Haietako bat, esaterako, orioko euskaran eroso aritu edo euskara batuan egiteagatik nire jarioari bizitasuna kendu. Sartu nintzenean ETB-n, beraz, galdetu  egin nuen: aizue, nola egitea komeni da?Batuaz, euskaldian? Zein dira hemen jarduteko irizpide nagusiak? Erantzuna hauxe izan ez: hik ez daukak problemarik, motel,  hik nahi duan bezala egin ezak. Nik nahi dudan bezala? pentsatzen nuen nire baitarako,  Hemen norbaitek esan beharko dit ba nondik tira...

Halaxe jarri nintzen mikrofono aurrean, eta jardunaren jardunez nire burua erosoago egotea lortu dut, ahots propioa bilatzea eta abar. Hala ere, oraindik mila zalantza baditut. Esaterako, nik badakit  zein zailtasun ditudan euskara batuan euskalkian bezain arin eta suelto jarduteko edo “s”, “z” eta “ts” –ak egoki ahozkatzeko.Alde horretatik, ETB-n umezurtz samar sentitu izan dut nire burua, eta  autodidakta ere bai. Informazioaren edukiari buruz, alegia arraunari eta zeresanari buruz, ez dut zalantzarik izan nire burua ongi ikusi baitut, baina bai nire hizkerari buruz.

Albistegietan behin gertatutakoa ekarriko dut lerrotara: albistean nioen Donostian  apareju-arrantzan dabiltzan 7 ontzi geratzen direla. Nik badakit apareju hitza  euskal kostalde osoan esaten dela, baina badaezpada ere begiratu nuen hiztegietan eta aparailu ematen zidan. Nire artean pentsatu nuen: aparailu esanda inork ez zidak ulertuko. Zuzentzailearengana joan naiz  eta esan diot: aizu, zalantza dut hitz honekin, apareju edo aparailu. Nik ez nuen zalantzarik; apareju esan behar da ulertzeko. Hark zer zen ere ez zekien. Hasi zen hiztegietan begiratzen eta apareju ez, aparailu erabiltzeko agindu zidan Eta nik esan nion orduan: baina aparailu esanda inork ez du ulertuko. Eta hark: bai, badakit, baina hiztegiak hauxe dio.

Huskeria dirudien pasadizo honek zer pentsatu dezentekoa eman zidan eta hainbat galdera eragin: "Zertan ari gara? Zeinek erabakitzen du? Zer da hemen garrantzisua? Elkar ulertzea edo zuzentasuna?" Nire ustez, euskarazko komunikabideetan, oro har anabasa, dezentea dago egin behar den euskara ereduaren inguruan. Uste dut ahal duenak ahal duena egiten duela. Badira, noski, hizkuntza zaindu eta hizkuntzaren kezka duten kazetariak. Euskara landu eta ekarpenak egiten dituztenak. Baina uste dut gutxiengoa direla; oro har, euskara gero eta gutxiago zaintzen dela, ez dela estimatzen, ez dela lantzen, ez dela exijitzen. Gaztelaniaz inolaz ere onartuko ez genituzkeen mila hanka sartze eta errazkeria euskaraz onartu egiten ditugu ahozko jardunean. Zer hobesten da euskarazko telebista edo irrati batean euskaraz jardun behar duen kazetari bat hautatzean? Ibilbide profesionala, ezagutzak, kontaktuak, adina, itxura fisikoa eta edertasuna; edo komunikatzeko eta ikuslearengana heltzeko gaitasuna? Iruditzen zait gero eta gutxiago baloratzen dela euskarazko hiztun ona, eta hortik dator nire etsipena.

Amaitzeko, arrauna eta euskara kontuak uztartzen dituen beste pasadizo bat ekarriko dut lerrotara: Iaz Amilibia trainerugileak traineru-modelo berria atera zuen. Erdarazko komunikabideak hasi ziren esanez tiene forma de plátano eta platanito,platanito. Komunikabide euskaldunak ere segituan hasi ziren traineru berriari platanito deitzen. Garai hartantxe Kortari elkarrizketa bat egin behar izan nion eta traineru haren berezitasunagatik galdetuta, hauxe erantzun zidan: Honek zaukak arripaura, nik ezagutzen ez nuen hitza.  Joan nintzen Oriora, galdezka hasi eta 55-60  urtetik gorako arrantzale gehienek zekiten zer zen arripaura (batuan arrufadura eta gaztelaniaz arrufo).

Adibide egokia izan liteke ulertzeko euskarazko komunikabidetan hizkuntzaren inguruan nola jokatzen den: euskarazko hitz jatorra eduki, eta gaztelaniatik platanito hartu behar. Komunikabideek ardura eta kezka pittin bat izanez gero, nahikoa da esatari batek bitan esatea  arripaura edo arrufadura, hitz hori zabaltzeko, hitz jator eta dotore askoa. Baina horretarako hizkuntzarekiko interesa eta kezka duen norbaitek egon behar du hor. Nik platanito entzuten dudan bakoitzean, ikaragarrizko amorrua ematen dit. Besteak beste, arraunean platanito beti deitu izan zaiolako arraunlariek erabitzen duten estropadarako jantziari.

Ibon Gaztañazpi

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!