Primaderari

Erabiltzailearen aurpegia Gure Txokoa 2008ko mar. 14a, 10:26
Xalbadorrek jarriak

Apirilean goiz eder batez goizik bainintzan  atzarri
eta ohea uzteko nagiz mindagola pentsalari;
etx'aintzineko sagar arbola xori bat zagon kantari:
gau hartan zerbait gerta zela; behar nezon kanpori
negu zitalak lekua ziola primaderari.

Ene barnean senditu nuen gazteko sugar piztura;
bihotza berriz airatu zanuntan kanpoko xori xixtura;
lur gain guziak galdua zuen negu beltzeko histura;
ni ganik ere aldaratu zen zahartzearen tristura:
etsipena zen leku guzitan argi berri bat piztu da!

Sasu-zokotan gordez egonik neguko hotz gogorretan;
egun xoriak kanta ta kanta ari dira arboletan:
andere espos batzu iduri; pentze guziak loretan;
aitor dezagun ageri dela Jainkoa bere obretan;
horiek oro Harek eginak gizonaren ohoretan.

Belar berriak berdatu ditu zelaiak ta mendi gaina;
kukuak bere kantu ozenez atzar arazi oihana;
etxek'andreak lili pollitez apaindu dauku mahaina;
bihotzeraino sartzen zaukula lore berrien usaina;
fededun batek nola ez mirets hor Jainkoaren dohaina?

Xori pareak ikusten ziren bet'izpi bana mokoan;
erasiaka han zabiltzala; sar ateraka; sasuan;
Jainkoak berak erakatsirik dakiten soinu gozoan;
ohantze berri baten egiten elgarren amodioan;
maitasun hortan sortu beharrak diren umeak gogoan.

Horra xoriek kafi berriak beren umentzat prestatu;
eihar zorian zen landarea izerdi berriz freskatu,
larrazkenean buluzi ziren zugaitzak berriz ostatu...
Erradazue aldaketa hau nori etzaion gustatu;
ukan duguna baino geiago  zer ginezake eskatu?

Xoraturikan kanpoari so iragan ditut orenak;
bixtan nituen bizi huntako dohainikan ederrenak;
niolarikan: Norentzat bada; gauza eder hauek denak?
Nola ahantzi itsuak eta presondegian daudenak?
Primaderaren edertasunik ikusiko ez dutenak!

Primaderaren iduria gizonen gaztetasuna;
Apirilean entzuten diren xori kanten oihartzuna;
indar guzia berekin dauka; gainerat edertasuna;
gazte maitea; estima zazu zutan duzun ontasuna;
zoin ederra ikasi gabe iragan behar zaizuna!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!