Jo-der!

Erabiltzailearen aurpegia Iker Gurrutxaga Zubimendi 2014ko urr. 22a, 13:57

Horixe da Jaurlaritzak euskal hedabideei emandako laguntzak ikusi eta gero atera zaidan hitza.

Dozena bat egun izango dira Azpeitiko kazetari lagun batekin elkartu nintzenetik. Jaurlaritzak emandako diru-laguntzak izan genituen hizketagai, besteak beste.

Uztarriak sekulako igoera izan zuela eta horrekin harrituta zeudela esan zidan. Atzo bertan zeresan dezente eman duen artikulua plazaratu zuten beren komunitatean.

Atzo Berriaren webgunean sartu eta azalean ikusi nuen albistea kezkagarria iruditu zitzaidan. Sekulako zaplastekoa eman dio Patxi Baztarrikaren sailak euskara hutsean Euskal Herrian argitaratzen den egunkari bakarrari. Baina ez dira muturra bero-bero geratu zaien bakarrak izan.

Beste batzuk, berriz, igoera. Askotan ulertzea kostatzen den igoera.

Berriak jasan duen jaitsierak denetariko irakurketak izan ditzake. Langileen kaleratze posibleak, egunkariaren beraren prezio igoera… Auskalo! Lehen une zailak igarotzen ari baziren, zer esanik ez halako murrizketa baten ondoren.

Babesa eskatu dute orain. Ez babes ekonomikoa –hori lehen ere eskatu izan dute–, babes soziala baizik. Atzo gauean 4 orrialde ziren jendearen atxekimenduekin bete zirenak. Gaur, ordubetean 14 bete dira eta laster pasako dira 200ak.

Banan-bana begira jardun naiz babesa eman dutenak nor izan diren jakiteko. Kazetari asko eta asko –ezagunak eta ez hain ezagunak– falta dira zerrendan. Politikariak zer esanik ez –jakina da ziurrenik EAJko kideak ez direla sinatzaile izango–. Eta oriotarrak ere gutxi. Dozena bat asko jota. Aiarrak pareko.

Militantzia kontua izaten da askotan euskararen eta euskarazko produktuak erostearen ingurukoa. Oraingoan, ordea, kontua urrutirago doala iruditzen zait. Kazetaritzaren krisiaren pauso bat gehiago. Eta euskara politika dago eztabaidagunean.

Luze eta zabal jardun gaitezke honetaz –ostegunean, esaterako, Salatxo aretoan Kultur Etxean izango da Orioko euskara politikaren inguruko eztabaida–, baina gaurkoan Berriako albiste hau irakurri eta babesa ematearekin konformatuko naiz.

Babestu Berria. Babestu kazetaritza. Babestu euskara eta bere komunitatea.

http://www.berria.eus/babestuberria/

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!