Urtebete pasatxo langabezian

Erabiltzailearen aurpegia Iker Gurrutxaga Zubimendi 2015ko urt. 30a, 14:50
Hamahiru hilabete eta kazetari bezala aritzeko aukerarik ez. Komunikazioan lantxo batzuk bai, baina bestela opor amaigabean bizi naiz. Inongo diru-laguntzarik gabe. Eta ez da samurra.

Titulua eta sarrera irakurrita kexatia dirudit. Eta bai, arrazoi duzue, kexati nabil. Denbora honetan eskaini didaten kontratu formal bakarra –eta egin nuen proba, baina ez nintzen gai izan bertan jarraitzeko–, mahatsa biltzeko izan zen –mila esker, Mikel–.

Gutxienez, esperientzia hark lanbide horretan jarduten dutenei begirune gehiago izateko balio izan zidan. Baita nirea sortzea zela konturatzeko ere. Ez naiz modu mekanikoan lan egiteko jaio, agidanez.

Mila bider pentsatu dut langabezian egotearen arrazoien gainean idaztea, baina ez naiz ausartu. Dena dela La sexta telebista kateko saio batek bultzatu nau artikulua idaztera. Xehetasunak albo batera utzita.

Saio hartan, enpresa bateko nagusia langileen artean nahastu eta beste langile bat izango balitz bezela aritzen da astebetez. Ea martxa ona daramaten ala ez, zein gabezia dituzten edota zein diren langileek zukutu gabe dituzten gaitasunak jakin nahian.

Enpresa txikietan ia ezinezkoa da nagusia infiltratzea, azkarregi sumatuko zelako nagusia dela. Baina, saio horretatik askok zer ikasi dutelakoan nago. Langileekin ordu gehiago emateak edota langileek zeintzuk gaitasun dituzten eta noraino iritsi daitezkeen jakiteak asko balio baitezake. Baita zeintzuk gabezia dituzten ere.

Nik, nire aldetik, hori sumatu izan dut edukitako esperientziatan. Nagusiekin komunikazio zuzena bai, beti izan dut, kexak azaltzeko aukera ere bai. Baina ez zait sekulan ere bidea hori denik iruditu. Langilearen azalean jartzeko ariketa egin beharreko zerbait dela uste dut. Eta horretarako haren tokian benetan egon behar da. Ez da haren hitza entzutearekin konformatu behar.

Egun, eta izan ditudan aukerak oso gutxi izan direla ikusita, nire kabuz proiektu bat gauzatzeko asmotan nabil. Urtarrilean jarri nahi nuen martxan, baina nire ogibidean sakontzeko ikastaro bat egiteko aukera sortu zitzaidan. Hala, ni bezala langabezian edota ikasten zaudeten komunikazioko oriotarroi deia luzatu nahi dizuet. Jarri nirekin harremanetan eta denon artean zerbait polita osatuko dugulakoan nago.

Bitartean, langabeziaren eta mahats biltze garaian bizi izandako guztiaren harira, Euskaraz Gazte lehiaketara bidalitako haserrealdi batean idatzitako testu hau luzatzen dizuet. Ez zuen saririk lortu, beraz, hauxe da zuengana helarazteko modua.

Hori bai, beti dago pozik egoteko arrazoiren bat. Beraz, alai bizi! :)

 

Gobernantzaren piratak

Ez gara inor besteen etorkizuna erabakitzeko.

Dena dela, egunero saiatzen gara besteengan eragiten,

gure burua gobernatzen nahikoa lan dugun honetan.

 

Galdeketak, autodeterminazioak eta autogobernuak,

burujabetza…

 

Eta beti besteei begira. Besteek zer esan, hura egin.

Guretzat betarik hartu gabe…

 

Eta denbora da mundu honetan guztia mugitzen duena. Ez dirua.

Jasotzen dugun diru hori, gure denboraren ordainetan ematen digute.

Guztia oinarritzen da denboran.  Guztiak behar du bere denbora.

Lurpeko urre beltzetik hasi eta gereziondoaren lore zuriraino.

 

Segundu bat, ordu bat, hilabete bat, urte bat…

Luzea bezain laburra, laburra bezain luzea izan daiteke.

 

Krisian gaude. Krisian nago.

Denbora, altxor preziatu hori baino ez dut nire esku artean.

Berau lapurtu nahi didan pirataren zain nago.

Trukean, lana izeneko saria emango omen dit.

Baina, azken hamar hilabeteotan, ez da itsasontzirik heldu nire kostaldera.

 

Zeruan nabil hegaz, putrea bezala.

Egunkaria hartzen dut goizero. Ohituraz, orrialde ilunetara jotzen dut.

 

Tartean behin, nire adinekoren baten heriotzaren berri ematen dute.

“Gogoan izango dugu zeinen jatorra zinen. Burdinbide altzairuakeko lagunak

Segituan noa lur hartzera, haratustelaren usainera.

 

Autoa hartu eta Burdinbidera noa.

Curriculuma eskuan dudala. Nire denbora eskaintzera.

 

Nire etorkizuna besteen eskuetan utziko dut.

Ez naiz nire burua gobernatzeko gai izan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!