Sua eta ura, belaunetik behera

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko mar. 13a, 09:59

Airea, ura, lurra eta sua dira munduko lau bizigai naturalak. Laurak ditu beharrezko biziak, ezinbesteko gizakiak. Baina horiek haserretu eta haizea, euria, lurrikara edo sutea handiak direnean, erne! Euskaraz bada esaera zahar bat, `Sua eta ura, belaunetik behera´, horien arriskua gogorarazten diguna.

Haizeak biztu egiten du sua, handitu; urak, itzali. Baina ura ere, neurriz gain, kaltegarri bihurtzen da. Izugarri gutxi egitea bezain txarra da ikaragarri asko botatzea. Goitik behera ur asko datorrenean, behetik gora ere igotzen hasten da: errekak eta ibaiak gainezka, eta lurrak eta etxeak ur azpian. Garai batean, irailean urtero, San Migeletako marea bizietako itsasgoran, Orioko moilaren maila gaindituta ura herriko plazan eta inguruko kaleetan ibiltzen zen.

Hotz handiak ura izotz bihurtzen du, harria; eta hori arriskutsua izan ohi da. Joxe Ramon Zubimendi zubietarrak `Gipuzkoa Mari-lur´ bere liburu ederrean ondo azaltzen du nolako kalteak sortzen dituen kazkabar edo txingorrak:

“Harriak udan kalte handia ekartzen du: baratzea eta landareak suntsitu, fruta-arbolak abarrikatu, larreko hegaztiak eta abereak elbarritu, aterperik gabeko jendeak zauritu… Harri-jasak hondamendia dakar hiruzpalau minutuan, eta gosea, urte guztiko uzta galduz gero. Ez da harritzekoa, beraz, udako ekaitz-hodei beldurgarriak uxatu nahi izatea: hodeiei suziriak boteaz, eskopetaz tiro eginaz, hoska… Gipuzkoako garai bateko udal-aurrekontuetan ohikoak ziren ekaitz-hodeien aurkako konjuroak egiteko diru-partidak. Euskal Herrian baziren ekaitzari non lehertu eta harria non deskargatu agintzen ziotenak. Aiako Altzolan, Semeola baserriko etxekoandreak ekaitzari honela agintzen zion: Karga Izarraitz eta deskarga Ernio; eta guarda Altzola, endemas Semeola!”.

Baina euririk gabeko lehorte luzeetan ere jendea kezkatzen zen, landareak ureztatzeko eta edateko ere ur gutxi zenean errogatibak egiten ziren herriz herri, aspaldiko sineskeriei lotutako erritualak, ahalmena zuenak euria bidali zezan.

Antonio Camposek errogatibei buruzko anekdota polita kontatu zigun: “Orion behin, lehorte luze samar batean, errogatibak egiteko deialdia egin zen, herria elizan bildu eta Jaungoikoari errezatzeko, euria bidali zezan. Jorge Oteiza zena ere joan zen elizara, oinetan katiuskak, soinean txamarra eta eskuan guardasola zuela. Han, bera bakarrik omen zegoen gisa horretan jantzita; eta hala esan zien elizara bildutako herritarrei: fede gutxiko jendea zarete zuek, ez duzue sinesten goikoak euria bidaliko digunik!”.

Asun Goñik ere anekdota polita du. Asun nafarra da jatorriz, Etxarri Aranazkoa. Jose Antonio Salsamendi zenarekin ezkondu zen Oriora, 1965-01-09an. Eztei-bidaia San Sebastian bezperan bukatu zuten Donostiako danborradan. Etxera etorrita, gau hartan bertan goizeko bostetan zafarrantxoa izan zuten, moilan gainezka egin zuen errioko urak eta Jose Antonioren ama Triniren dendaraino iritsia zen, oraingo Carmen arrandegiraino. Luis Itxaspe serenoak eman zien abisua, dendako garbantzu-zakuak eta igeri zebiltzala uretan.

Handik hilabete eta erdira, berriz, 1965eko martxoaren 10ean, txinpartak iristen zitzaizkien dendaraino, udaletxea kiskali zuen suarenak. Orduan beraiek busti behar izan zituzten dendako ateak, badaezpada.

Ura eta sua, denbora gutxiko tartean batu zitzaizkion biak etorri berriari. Neurriz gain, biak arriskutsu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!