Milagro Ariztimuño, emakume ekintzaile eta errebeldea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2020ko mar. 5a, 16:30

Iñaki Iturainek KARKARAren 414.zenbakian idatzitako artikulua, `Oroimenaren kutxa´ atalean.

Martxoaren 8an Emakume Langilearen Eguna ospatuko da. Egunaren hurbiltasunak aukera ederra eskaintzen digu Milagro Ariztimuñoren bizitzaren testigantza azaltzeko, Orioko historian tokia irabazi duen emakumearena. 2016ko abuztuaren 26an elkarrizketatu egin genuen Orioko mediku Goretti Aranburuk eta biok. Milagrorekin elkartuta, tertulia eder eta luzea gozatu genuen, patxadan, presarik gabe, Gelattoko terrazan. Milagro, orduan, 91 urteko emakume gazte, jakintsu eta errebeldea zen. Solasaldian bere bizialdi oparo eta harrigarria erakutsi zigun.

Gurekin egon zen egunaren biharamunean Oriotik Madrilera joan zen, handik Estatu Batuetara bidaiatzeko, han bizi den alaba Miren Kororekin denboralditxo bat pasatzera. Milagro urtero etortzen zen uda garaian oporretan Oriora, orain hiru urte arte. Gurekin egondako huraxe izan zuen Milagrok azken egonaldia Orion. Geroztik ez da itzuli, haren ibilaldi luzeak amaiera izan zuen.

Milagro Euskal Herrian jaio zen 1925ean, nahiz eta orduan familia Madrilen bizi zen. Gurasoak Madriletik etorri ziren, alaba hemen jaio zedin. Haurtzaroa Madrilen igaro zuen. Bertan sufritu zuen 1936ko gerra. 1937ko azaroaren 1ean, Francoren hegazkinen bonbardaketa baten ondoren, etxetik eskonbro artean atera zen. Gerra ondoreneko urteetan, aita bibliotekari lanetan zebilen Madrilen. Alabak ere bibliotekonomia ikasi nahi zuen eta Venezuelara joan zen horretara, Espainiako giro itogarritik ihesi.

Pasadizo koloretsua kontatu zigun, orduko giroa ondo erakusten duena. 1950eko urteetan, hemengo emakumeek galtzarik erabiltzen ez zutenean gaizki ikusia zegoelako, Milagro, oporretan etorrita, galtza berdeak eta eskuz egindako zapata horiak jantzita ibiltzen zen pasieran Donostiako Abenidan. Askok begiratu egiten zioten, eta emakumeek gelditu, zapatak non erosi zituen galdetzeko.

El tigre de Orioren semearekin ezkondu

Venezuelan, ikasten ari zela, gazte oriotar bat ezagutu zuen, Joakin Salsamendi Gonzalez Txabarri. Harekin ezkondu zen. Joakin pilotari ezagun baten semea zen, `El tigre de Orio ́ izendatzen zuten Ramon Salsamendirena. Aita Ramon erremontista izan zen Madrilgo Recoletos frontoian; eta jokoan erakusten zuen indarra eta azkartasunagatik irabazi zuen tigrearen goitizena. 1921eko urtea Habanako (Kuba) Jai Alai frontoian jokatzen eman zuen.

Frankismo beteko garai hartan euskaldun asko bizi zen Venezuelan. Batzuk, hara aspaldi joandako euskaldunen ondorengoak; besteak, 1936ko gerragatik erbesteratu berriak. Jose Antonio Agirre Lehendakariaren koinatu Aita Zabala apaizak ezkondu zituen Milagro eta Joakin, 1954an, Caracaseko euskal zentroan. Biek egiten zuten lan Venezuelan: Milagrok, osasun arloko datuak jasotzen, bulego batean; eta Joakinek, berriz, albaitari, Venezuelako gobernuko Nekazaritza ministerioarentzat, Erdialdeko Amerika osoan.

Joakinek eta Milagrok bete- betean bizi izan zuten Venezuelan euskal abertzaletasuna. Milagrok osaba zuen Joxe Ariztimuño Aitzol apaiza, 1936ko urrian Hernanin fusilatu zuten euskaltzale bertso gai-jartzailea. Martin Ugalde EAJko abertzale eta idazle ezaguna izan zuen Jose Antonio Agirre lehendakaria, Caracaseko euskal etxeko elizkizun batean euskara-irakasle. Eta adiskide izan zituen Leizaola lehendakaria, Manuel Irujo, Iñaki Anasagasti... Garai hartan zabaldu zuten Caracasen euskal zentroa, inaugurazioan Agirre lehendakaria bertan zela. Han elkartzen ziren inguruko euskaldunak. Bi milatik gora bazkide zituen, frontoi handia, jatetxea, euskara ikasteko eskolak, dantza taldea, abesbatza...

Irratia ere sortu zuten Venezuelako euskaldunek, Euzkadi Irratia-Radio Euzkadi. 'Euzko Abendaren Ereserkia'- ren aurreneko noten ondotik, honela aurkezten zuen bere burua irratiak: «Hemen Euzkadi Irratia, euzko erresistentziako gudarien deia». Ingelesezko, frantsesezko eta gaztelaniazkoa zetozen ondoren: «Aquí Radio Euzkadi, la voz de la resistencia vasca'. 'Euskal emisora klandestinoa'k bi garai izan zituen: bata Euskal Herriko Iparraldean (1946-1954), eta bestea Venezuelan (1965-1977).

Milagrok zioenez, orduko Venezuela herrialde oso aurreratua zen, ekonomia, bizimodua eta legeen aldetik. Espainian ez bezala, dibortzioa legala zelako onartu zuen Milagrok ezkontzea. Ezkondu eta hiru urtera, 1956ko abenduan, Oriora etorri zen, salsamenditarren etxera, alaba Euskal Herrian jaio zedin, bere gurasoek berarekin egin zuten bezala.

Oriora bidean, Madrilera hegazkinez etorrita, berehala konturatu zen Milagro zer zen orduko Espainia: aireportura bila joan zitzaion amari `amatxo ́ deika hasi eta polizia bat gerturatu zitzaion berehala, “aquí se habla en español esanez. Gero, Venezuelako pasaportea kendu egin zioten, eta gehiago entregatu ez. Amerikara itzultzeko, Venezuelako enbaxadan eskuratu behar izan zuen pasaporte diplomatikoa.

Liskarra Orioko apaizarekin

Haurra Orion jaiota, bitxikeria xelebrea izan zuen ama izan berriak: Orioko elizara joan haurra erregistratzera, Jose Maria Astigarraga apaizari haurra Miren Koro izango zela esan, eta apaizak ezetz, Maria del Coro behar zuela. Ama Donostiako erregistro zibilera joan zen, han lortu zuen Venezuelako pasaportean izena euskaraz jartzea.

1983an itzuli zen Milagro betiko Venezuelako erbestetik. Franco hil eta gero, bere bibliotekari lana errekuperatzeko modua zuela jakinda, 48 ordu behar izan zituen Venezuelatik bueltatzeko. Francoren garaiko `Excedencia forzosa por matrimonio ́ legeari aurre egin zion, errekurtsoa jarri eta irabazi egin zuen. Orduan berreskuratu zuen, epaiketa bidez, Espainiako Nekazaritza ministerioaren liburutegiko liburuzain ardura, ezkondu zenean eta ezkondu zelako galdu zuena; 1946ko legeak hala agintzen baitzuen: emakume ezkonduak ezin zuela lanean segitu etxetik kanpo. 1983an berriro lanean hasita, 1992an jubilatu zen, Joakin senarra Venezuelatik etorri zenean.

Orduan hasi ziren Salsamendi-Ariztimuño senar-emazteak, beren alabarekin, urtero udan Oriora etortzen. Alberto Olidenek ongietorria ematen zien DVko herriko kronikan urtero. Nostalgia handiz gogoratzen zuen Milagrok garai hartako Orio: herrian hiru diskoteka, bi zine, plazan musika, herriko musika-banda, udan Salsamendi eta Toki Alai ostatuak beteta, baporeak moilan arraina lehorreratzen, fabrika eta tailer asko... Bizitasun handia zegoen herrian. Pentsa, Francoren andrea Oriora etortzen zen mueble bila: Arin y Embil-enera joaten zen. Nahi zituen altzariak hartu eta faktura El Pardora bidaltzeko esanda alde egiten zuen. Garai hartan, inor ez zen ausartzen Francori faktura bidaltzen. Debalde eramaten zituen, Donostiako bitxi-dendetatik koilareak bezala.

Joakin Salsamendi Madrilen hil zen 1996ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten egunaren 61. urteurren egunean. Orioko kanposantuan dago hilobiratua, andreak haren nahia beteta. 2018an jakin genuen Milagroren bizitza gorabeheratsuak, Orio, Madril, Venezuela eta Estatu Batuetan barrena bizi izan zuenak, bukaera izan zuela. “Emakume alai, errebelde eta distiratsua zen Milagro, urtero Oriora etortzen zenean, herriari kolorea eta aire freskoa ekartzen zion”, horrelaxe gogoratzen du emakume hura Orion mediku izan zuen Goretti Aranburuk.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!