XIII. mendeko Orioko balea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2022ko mai. 27a, 16:50

Maiatzeko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Maiatzaren 14an, euskal kirolak badu zer gogoratua: egun horretan, 1943an, Urtain harri-jasotzaile eta boxeolaria jaio zen, Arroan; 1957an, Marino Lejarreta txirrindularia, Berrizen; eta 1980an, Martin Zabaleta hernaniarrak euskal mendizaletasuna eraman zuen lehenengo aldiz Everesteko gailurreraino, eta ikurrina jarri munduko mendirik garaieneko tontorrean.

Euskal arrantzak eta bertsolaritzak ere badute oroimenerako aukera: 1901ean, Bizkaiko golkoan harrapatu den azken balea ekarri zuten moilara Orioko arrantzaleek, eta herriko bertsolariak bertsoak jarri zizkion balentriari. Horrek aukera ematen digu orain guri, 121 urtera, egun hartakoa gogoratzeko eta ospatzeko: "Mila bederatzireun ta lenengo urtian, maiatzaren amalaugarren egunian, Oriyoko erriko barraren aurrian, balea agertu zan beatzik aldian". 

Udalerria sortu baino lehenagoko balea

Orain jakin dugu duela 800 urte inguru Oria ibaiaren itsasadarrean bizi zen komunitate txikiko bizilagunak ordurako hasiak zirela baleak harrapatzeko lanbidean. Orioko Udalak eskatuta, Suediako Uppsala Universitet-eko ikertzaileek Orioko errioan aurkitutako balea baten hezurra aztertu dute karbono proben bidez, hezurraren datazioa jakiteko. Ingelesez eta euskaraz bidali duten txostenean, diote balea hezurra XIII. mendekoa dela, 1253 eta 1296 urteen artekoa. Orioko hiribilduaren sortze ofiziala XIV. mendekoa da, 1379koa; beraz, herria ofizialki sortu aurretik harrapatu zuten balea hura. Ordurako bazebiltzan baletan.

Iñaki Agote 1980an zinegotzi zenak adierazi digu, orduan, aurten bezala, dragaontzi bat errioa garbitzen ibili zela; eta Xixario jatetxearen aurre horretan, ibai hondoko lokatzarekin batera arroka puska berezi samar bat atera zutela; justu 1901eko balea lehorreratu zuten arranplatik gertu. Pentsatu zuten balea haren hezurra izan zitekeela. Donostiako Aquariumeko presidente Jose Manuel Sustetak baieztatu zuen baleanhezurra zela. Hezur hura urtetan egon zen ikusgai, arpoi batekin batera, Bordatxo atzealdeko txoko horretan, baleen harrapaketari buruzko azalpena ematen zuen plaka baten ondoan. Hezur horren lagina da udalak iaz Suediara bidali zuena, datatzeko. Zientziak gaur egun dituen baliabideekin, orain posible izan da hezurra noizkoa den jakitea.

Oriotarrentzat, mende askotako historia oso aberatsa da balearena. Horren jakitun, gaur egun ere inportantzia sinboliko handia du herrian; eta aurtengo maiatzaren 14an ere Oriok gogora ekarriko du 1901eko gertaera.

Balea bizirik herrian

Oriok leku askotan gordetzen ditu animalia haren oroigarriak: Goiko kaleko etxe batzuen armarrietan, kale baten izenean, elizan, udaletxeko batzar aretoan, elkarte gastronomikoetan, bertsoetan... 2001etik hona bost urtean behin herrian ospatzen dugun festa handian eta herritarren gogoan eta bertso kantatuetan.

Goiko kalerako eskaileretako Gure Etxea elkartean, sabaitik zintzilik balea harrapatu zuten bost traineruen erreplika txiki bana dago, bakoitzak ontziaren eta patroiaren izenak dituela: Trinidad izeneko traineruan, Manuel Olaizola; San Antonio-n, Manuel Loidi; Maria Jose-n, Xixario Uranga; San Jose-n, Eustakio Atxega; eta San Juan-en, Gregorio Manterola.

Oriok baleari ematen dion garrantzi sinbolikoa nolakoa, halakoa izan zen mendez mende haren harrapaketak herritarrentzat izan zuen balio ekonomikoa ere. XVI. mendean euskaldunak izan ziren munduko balea arrantzale nagusiak. Selma Huxley izan da gai hori ondoen aztertu duen ikertzailea. Huxleyk zioenez, 1560-1570eko urteetan jo zuen goia euskal arrantzaleen Ternuako balea harrapaketak. Urte haietan 30 itsasontzi joan ziren Lapurdi eta Gipuzkoako portuetatik Ternua aldera baletara, barruan 2.000 gizon zituztela. Ikertzaileak dio euskal portuetatik osasun oneko gizon gazte ia guztiak joaten zirela Ternuara. Oriotarren kasuan, zenbait arrantzaleren izenak aipatzen ditu: Jauregietako Francisco, Domingo Segura, Joan Agirre…

Bederatzi hilabeteko espedizioa egin ohi zuten arrantzaleek Amerika aldean, eta negu hasieran etxera itzuli. XVI. mendeko hamar urteko tarte hartan 400 balea inguru harrapatu zituzten, eta haietatik 20.000 upel olio atera. Olioa argiteriarako erabiltzen zuten, ugaztunaren bizarrak kortseterian, eta hezurrak eraikuntzarako. Dena zuen erabilgarri baleak. Orioko historia aztertu zuen Antxon Agirre Sorondok zioen Orion balea bat harrapatzea loteria tokatzea bezalakoxea zela, festa handi bat, ematen zituen irabaziengatik. 1901ekoa ere halaxe izan zen. Mundu guztiko toki gutxitan aterako zioten etekin handiagoa balea bati Orion baino. "Tiñako sei pezetan izan zan saldua". Balea hura ikustera sekulako jendetza bertaratu zen Donostia aldetik, sei urte lehenago (1895) estreinatutako trenak ekarrita; eta garai hartako ostalariek ere diru sarrera ederra egin zuten egun haietan.

Ternuako epopeia hartan, urte batzuetan, negua eta izotza aurreratu eta etorri ezinik bertan geratu behar izan zuten. 1576ko negua bereziki gogorra gertatu zitzaien Ternuan geratutako euskaldunei, 300 arrantzale inguru hil ziren bertan, Jose Mari Unsain historialari aiarrak Balleneros vascos liburuan dioenez. Josu Etxezarragak martxoaren 30ean Arraunetxen emandako hitzaldian esan zuen XVI. eta XVII. mendeetan Ternuara joaten ziren arrantzale oriotarretatik, urtero, batez beste, bi ez zirela itzultzen etxera, joan-etorrian galtzen zirela, edo hango lan gogorretan. Horrek bakarrik ondo adierazten du oriotarren balea arrantzaren tamainaren zenbaterainokoa.

Asturiasko Candas herritik hainbat aldiz etorri ziren Oriora arrantzale bila; 1571ko dokumentu baten arabera, urte hartan hamasei arrantzale kontratatzeko asmoa zuten, baletara joateko; bi bakarrik lortu zituzten, aita-semeak, Orioko gainerako arrantzaleak Ternuako arrantzategietan zebiltzalako. Urte hartako urriaren 22an lortu zituzten, handik itzuli zirenean.

Kolon baino lehenago Amerikara

Jose Mari Ertzilla oriotarrak dio euskal balea arrantzaleak Kristobal Kolon baino lehenago izan zirela kontinente amerikarrean. Orain topatu duten 1647ko Us eta coustumes de la mer liburuak ere horixe dio. Etienne Cleirac-ek idatzia da, garai hartako Bordeleko parlamentuko abokatu batek. Baleen arrantzari eskaintzen dion zatian dio euskaldunak Kolon baino 100 urte lehenago iritsi zirela Ameriketara; eta hain zuzen, euskal arrantzale batek eman ziola Koloni Atlantikoaren beste aldeko lurraldearen berri, euskaldunek Lur Berria izendatzen zutena.

Euskal epopeia haren barruan, oriotar askok izan zuten beren lekutxoa. 1584ko Eguberri egunean Joanes Etxanizek, hil aurretik testamentua egin zuen, mediku zarauztar batek idatzita. Dokumentu huraxe zen orain dela urte gutxi arte Kanadan gordeta zeukaten idatzi zaharrena. Geroztik, artxiboetan beste bat topatu zuten urte batzuk lehenagokoa; hura ere oriotar baten testamentua: Juan Martinez Larrumerena, 1577koa.

Otsailaren 23an Xabier Alberdi zarauztarrak Arraunetxen emandako Oriotarrak itsasoan barrena XVI. mendean hitzaldian, Iñaki Arrillagak kontatu zuen behin oporretan Quebec-eko museo batean sartu, Kanadako Zibilizazioarenean, eta stand batean hantxe topatu zuela Joanes Etxaniz ohean etzanda zegoen errepresentazio bat, eta nola hunkitu zen, ia 450 urte lehenagoko herrikide bat han topatuta. Gizon haren irudia National Geographic aldizkarian ere agertu zen.

XVI. mendeko Orioko etxeak

Orioko biztanleriaren berri ematen duen errolda zaharrenetako batean (XVI. mendekoa), 67 etxe ageri dira. Ondoko hauek oraingo etxeen oihartzuna dakarkigute: Lusarbe, Etxeberria, Zalaiko Etxeberria, Lizargarate, Erreiztaetxea, Azperro, Aldape, Etxaniz, Gallaberro, Agandururena, Errezabal, Matxinekoa, Torreo, Saria, Sariako Ola, Segurarena, Torreloieta, Urdairerena, Garmendia, Eleizondo, Endaiarena… Etxe horietan sortutako mutilak izango ziren noski balea arrantzale oriotar haietako asko.

XVI. mende loriatsuaren ondoren, arrantzale ingeles eta holandarrek euskaldunei arrantza teknikak ikasi eta lekua kendu zieten, eta euskaldunak Europa iparraldera joaten hasi ziren, Norvegia, Groenlandia eta Islandiara.

Ia 800 urteko historian, hamaika ekaitz eta ezbehar izan zituzten; arrantzale askok galdu zuten bizia, ehunka oriotarrek ehunka balea harrapatu zituzten, baina itzal, ospe eta zeresan gehien Orioko azken baleak lortu zuen, beste guztiek batera baino gehiago. Zergatik? Balea hari norbaitek bertsoak jarri zizkiolako: "Gertatua jarri det egiyaren alde, au orrela ez bada jendiari galde, biotzez pozturikan atsegintsu gaude, gora oriotarrak esan beldur gabe".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!